Ikasbasketeko kadeteek hirugarren bukatu dute Euskal Ligako lehen fasea
Hondarribiarrak lehen aldiz ari dira Euskal Liga jokatzen. Lehen fasea hirugarren bukatu dute, liderrarengandik garaipen bakarrera.
Hondarribia Ikasbasket saskibaloi elkarteko nesken kadete taldeak hirugarren postuan bukatu du Euskal Ligako lehen fasea. Hori horrela, hurrengo urtean ere maila gorenean jokatuko dute hondarribiarrek.
Hondarribiko taldea lehen aldiz ari da kadeteen Euskal Liga jokatzen, eta lehen fase bikaina egin du. Azken partida jokatu arte bigarrena zen sailkapenean, liderrarekin berdinduta, eta azkenean hirugarren bukatu du lehen fasea.
Larunbat arratsaldean Easo Slam! Gigantes talde donostiarraren kontra galdu zuen etxean 62-70. Garaipenari esker Easok irabazi du lehen fasea, Ointxe Araskirekin 11 garaipenera berdinduta, eta partida batera sailkatu da Ikasbasket. Laugarrenak, Gernikak, sei garaipen lortu ditu.
Otsaileko lehen asteburuan hasiko da bigarren fasea, lurraldeetako lauko finalaren ondotik.