'Plakton', Marmoka taldearen EP berria
Entzun 'Izpiak' aurrerapen kantua.
Aurrena izen bereko Marmoka izan zen. Bidaide ondoren. Eta 2019ko urtarrilean Plakton iritsi da. Hondarribiko Psilocybe Musika Elkarteko kide den Marmoka rock taldeak EPa argitaratu berri du. Hiru kantu biltzen ditu, balada itxura duen Izpiak singlea, eta beste bi rokeroagoak, Gizonan pardela eta Mimosa. Grabaziorako Karlos Osinagaren eskarmentua izan dute bidelagun, eta nabari da emaitzan.
Talde sortzailetik Koldo Mkarel Emeryk (ahotsa) eta Ibai Hendrix Larraldek (kitarra eta ahotsak) jarraitzen dute. Ruben Mufloi Yergarentzat (baxua) bigarren lana da, aurreko diskoan Telmo Iridoy ordezkatu baitzuen. Baterian, aldiz, Ortzi Alonsok Gorka Emazabalek utzitako hutsunea bete du.
Lehen diskoa eta gero taldea utzi zuen arren, Iridoyrena da EParen diseinua; aurreko lanetan ere bera arduratu zen arlo horretaz. Promoziorako argazkia, berriz, Galder Izagirre irundarrak egin du.