Juan Mari Bello hil da
Hondarribia Arraun Elkarteko batzarkide eta diruzaina ia mende erdiz, eta Klink Elkarteko sortzaile eta lehen presidentea izan da Juan Mari Bello.
Juan Mari Bello hondarribiarra hil zen larunbat gauean, 78 urte zituela. Besteak beste, Hondarribia Arraun Elkarteko batzarkide eta diruzaina ia mende erdiz, Klink Elkarteko sortzaile eta lehen presidentea eta San Gabriel egoitzako idazkari urte askotan izan da Bello. Hondarribiko Udalean ere egokitu zitzaion kudeaketa lanak egitea, 1977ko hauteskundeen aurretik osatu zen gestoran zinegotzi izan baitzen.
2013an Hiriko Urrezko Intsignia jaso zuen, “Hiriko gizarte, kultur eta kirol alorren dinamizazioan aktiboki parte hartzeagatik, bai banaka eta baita bere jarduera garatzen duen erakunde mailan ere”.
Hondarribiko Udalak Belloren senideei eta hurbilekoei “hurbiltasuna eta samina” adierazi de ohar baten bitartez. Hondarribia Arraunek “klubean oso pertsona garrantzitsua” izan dela nabarmendu du. Klink Elkarteak, bere aldetik, “lagun handi bat eta oso pertsona maitatua” joan dela adierazi du.
Bihar, asteartez, egingo dute Juan Mari Belloren omeneko hileta, 19:00etan, Jasokundeko eta Sagarrondoko Andre Maria eliz parrokian.