Otsailaren 10a arte ireki dute Hondarribiko Mintzalaguna taldeetara batzeko aukera
Aurten, seigarrenez biltzen ari dira Hondarribiko Mintzalagunak. Dagoeneko 11 ordutegi daude martxan eta gehiagorako aukera dago.
Euskaraldiaren arrakastaren ondotik —Hondarribian 1.985 pertsonek eman zuten izena—, Hondarribiko Mintzalaguna proiektuak bigarrenez ireki du parte hartzeko aukera. Otsailaren 10a arte eman daiteke izena, bai ohiko taldeetan, baita Gurasolagun taldeetan ere.Izena eman nahi duenak hiru bide ditu: 688 86 53 98 telefono zenbakira deitzea, posta elektronikoz idaztea, edota Internetez.
Aurten, seigarrenez biltzen ari dira Hondarribiko Mintzalagunak. Proiektuko arduradunek azaldu bezala, Euskaraldiaren izpirituarekin bat egiten du mintza praktika programak: “Hizkuntza ohiturak aldatzeko aukera eskaintzen du hain zuzen ere Mintzalagunak. Euskara gehiago erabili nahi duten pertsonak biltzen ditu bospasei pertsonako taldeetan, euskaraz aritzeko ohitura duten pertsonak eta euskaraz gehiago aritu nahi dutenak”.
Astero elkartzen dira eta gutxienez ordu betez aritzen dira euskaraz kafetxo bat hartzen duten bitartean edo paseo bat ematen. Hilean behin gainera, ekintza bateratu bat antolatzen da, horrela talde ezberdinetako kideek elkar ezagutzeko aukera izaten dute. “Horrela, jende berria ezagutu ahala, bakoitzaren euskarazko harreman sarea handitzen da. Honek eragin zuzena du herriko euskararen kale erabileran, taldeak, herriko txoko ezberdinetan biltzen direlako eta euskaraz aritzeko uneak eta guneak sortzen dituelako”.
Euskaraldian parte hartu zuten ahobizi eta belarriprest guztiei nahiz parte hartu ez arren beraien hizkuntza ohiturak aldatzeko irrika dutenei, jauzi egin eta Mintzalagun izateko gonbita luzatu die egitasmoak.
Baita Gurasolagunak ere
Hondarribiko Mintzalaguna proiektuak gaineratu duenez, ohiko taldeez gain Gurasolagun taldeak ere badira martxan. “Familiako hizkuntza ohituretan eragin asmoz sorturiko guraso taldeak dira, haur eta gurasoak elkarrekin biltzen dira talde batzuetan, eta gurasoak bakarrik beste batzuetan”, azaldu dute.
Otsailaren 10a arte egongo da izen ematea zabalik. Dagoeneko 11 ordutegi daude martxan, baina izen ematen dutenekin, berriak sortzeko aukera eskaini du proiektuak. Hala, izena ematen dutenek, ordutegi horietako bat aukeratu edo berriren bat proposatu dezakete.
Orain arteko taldeak
- Astelehenetan, 16:00etan.
- Astelehenetan, 17:00etan.
- Astelehenetan, 17:30ean (guraso eta haurren taldea).
- Astearteetan, 11:30ean.
- Astearteetan, 18:30ean.
- Asteazkenetan, 19:00etan (bi talde).
- Ostegunetan, 09:30ean.
- Ostegunetan, 15:00etan (guraso taldea)
- Ostegunetan, 18:00etan.
- Ostiraletan, 18:00etan.
- Ostiraletan, 19:00etan.