Ama Guadalupekoa Nazioarteko Judo Txapelketa, 27. aldiz
Espainiako Estatuko federazio autonomikoetako, Andorrako eta Portugaleko 600 kirolarik hartuko dute parte, Kadete Mailakoak.
XXVII. Ama Guadalupekoa Nazioarteko Judo Txapelketa egingo dute larunbatean Hondarribiko Jostaldi pilotalekuan. Espainiako Estatuko, Andorrako eta Portugalgo 600 kirolari baino gehiagok hartuko dute parte, Kadete Mailakoak. Aurreko ekitaldietan bezala, Kadete Mailako Espainiako Koparen barruko proba izango da.
Goizeko 09:00etan hasiko da lehia eta, dena ongi, arratsaldeko seietarako amaituko dira borroka guztiak. Hori posible egiteko, lau tatami jarriko dira Jostaldin, eta lauretan aldi berean burutuko da txapelketa.
Ama Guadalupekoa Judo Elkartea da antolatzailea eta Txiplao industria gunean duen egoitzan egin dute aurkezpena gaur goizean. Bertan izan dira Klau Garcia elkarteko presidentea, Alberto Perez entrenatzailea eta Kalisa Silanes Hondarribiko Udaleko Kirol zinegotzia.
27 urtez antolatu du Ama Guadalupekoak kadeteen txapelketa eta “egiten duen lan bikainagatik” zoriondu du taldea Silanesek: “Honelako txapelketa bat antolatzea lan handia da, eta jakin egin behar da baloratzen, gehiago 27. urtez egiten denean”. Garciak onartu du ez dela erraza izaten, baina merezi duela: “Lan handia suposatzen du txapelketa hau antolatzeak, baina pena merezi du, giro bikaina izateaz gain, maila handiko lehiaketa baten aurrean gaude eta”. Amako presidenteak eskerrak eman dizkio udalari, ondoan izateagatik, eta elkarteko gurasoei: “Ezinbestekoak dira gure funtzionamenduan”.
600 kirolari baino gehiago lehiatuko dira larunbatean Jostaldin, Espainiako Estatuko federazio autonomikoak, Andorra eta Portugal ordezkatuko dituztenak. Kadeteen zerrendetako onenak lehiatuko dira Hondarribian, mutiletan nahiz nesketan. Perezek nabarmendu duenez, nesken kopurua oso handia da judoan: “Askotan badirudi gizonezkoei zuzendutako kirola dela, baina ez da horrela. Gero eta emakume gehiago daude judoan. Kirol oso egokia da, balore onak transmititzen dituena gainera”.
Txapelketa larunbatean izango den arren, judoak hiru egunez hartuko du Jostaldia. Izan ere, ostiral arratsaldean azpiegiturak muntatuko dituzte, eta kirolariek balantzatik pasatu beharko dute, bakoitzari dagokion pisu barruan dagoela bermatzeko. Igande goizez, berriz, Benjamin eta Kimu mailetako Gipuzkoako judoken jardunaldia izango da bertan.