Iazko Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten 'Oreina', Zuzendari Berriak atalean, eta Euskal Zinemaren Irizar Saria jaso zuen filmak.
Laulad Ahmed Saleh da ‘Oreina’ filmeko aktore protagonista
Koldo Almandoz zinegile donostiarrak zuzenduriko
Oreina film luzea proiektatuko dute larunbatean Hondarribiko Itsas Etxea Auditoriumean, 20:00etan. Sarrerak 4 euro balio ditu eta dagoeneko Arma Plaza kultur gunean eskuratu daitezke, baita
Interneten ere.
Iazko Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten pelikula, Zuzendari Berriak atalean. Almandozek 20 urte daramatza zuzendari gisa, baina
Oreina da bere lehen film luze konbentzionala. Euskal Zinemaren Irizar Saria jaso zuen filmak.
Khalilen istorioa kontatzen du filmak. Industriaguneak, ibaiak eta padurak bat egiten duten hiriko periferian bizi den gazte deserrotua da Khalil. Ahal duen moduan egiten du aurrera, eta ibai ertzeko etxea anaiarekin konpartitzen duen isileko ehiztari zahar batekin pasatzen ditu egunak. Paduraren uhertzean, mareek, maitasunaren eta desamodioaren, kidetasunaren eta mendekuaren denbora markatzen dute.
Filmeko aktore protagonistak Patxi Bisquert, Ramon Agirre eta Laulad Ahmed Saleh dira. Alazne Ameztoi eta Xanti Salvadorren ardura izan den soinuak ere garrantzia handia du ikus-entzunezkoan.