Arratsaldean jasoko ditu kartak, auzoz auzo. Errege Magoak bihar iritsiko dira herrira, ohi bezala, itsasoz.
Gaur iritsiko da erregen postaria herrira. Irudia iazkoa da
Oraindik Errege Magoei karta bidali ez dienak, gaur izango du azken aukera. 18:00etarako espero da ekialdeko maiestateen postaria herrian. Ordu horretan hasiko du ibilbidea Mendeluko Betherramen. Hortik aurrera, urteroko ibilbidea egingo du: Amute, Kosta, Zumardia, Kale Nagusia, San Nikolas, Juan Laborda, Jabier Ugarte, San Pedro, Zuloaga eta San Kristobalen biribilgunean bukatuko du ibilbidea.
Erregeak, itsasoz
Errege Magoak, noski, hilaren 5ean iritsiko dira Hondarribira, larunbatez. Bertan afalduko dute, gero opariak banatzen hasteko. Ohi bezala, hainbat tona goxoki ekarriko dituzte herriko haurren artean banatzeko. Eta laguntzaile asko izango dituzte, 17:45ean Mendelutik abiatuko direnak.
Itsasoz iritsiko dira Erregeak, 19:15ak eta 19:30ak artean, mareen arabera. Kai Zaharrean lehorreratuko dira eta hortik Hermandadera hurbilduko. Bertatik haurrak agurtu eta gero —bi kaleetako leihoetatik aterako dira—, desfilea abiatuko dute. Honako kaleetatik egingo dute bidea: Matxin Artzu, San Pedro, Bernat Etxepare, San Kristobal biribilgunea, Hiru Bide, Harresilanda, Damarri, eta Gernikako Arbola. Gune horretan, jaiotza bizidunean parte hartuko dute, Jesus haurraren gurtzea irudikatuz, bidean jarraitu aurretik.
20:45ak aldera, Kale Nagusia igoko dute Arma Plazaraino, eta handik San Gabrieleko egoiliarrak bisitatuko dituzte.