Bioaniztasuna, jokoan ibiltzeko
Arma Plaza Fundazioak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak Hondarribiko fauna eta flora ezagutarazteko Kapen jokoa argitaratu dute.
Ba al dakizu ttirrittarratta zer den? Eta txiostua? Hondarribian sugandilari nola esaten dioten asmatu al zenuke? Hiru galderetatik bat bera ere zuzen erantzuteko gai ez bazara, izango da Olentzerori Kapen karta-jokoa eskatu ez zeniolako.
Arma Plaza Fundazioaren eskutik jaio da Kapen. Hondarribiko hizkeran itsasoan buruz murgiltzea da kapen egitea, eta horixe bilatzen dute izen horrekin argitaratu dituzten karta-jokoak eta posterrak, hots, hondarribiarrek euren bioaniztasunean murgiltzea. Familien karta-joko eredua du oinarritzat, baina, familien ordez, sei habitat biltzen ditu jokoak: itsasoa eta itsaslabarra; padura; ibaia eta errekak; baserri eremua; basoa; eta hiria eta parkeak. Habitat bakoitzeko seina espezie, ugaztun, anfibio edo narrasti, arrain, hegazti, ornogabe eta landare bana. Orotara, 36 espezie, eta bakoitza izendatzeko hiru modu, izen zientifikoa, euskara batua, eta Hondarribiko euskara.
Joan den urtean herriko ondareari buruzko Ezagutu Hondarribia unitate didaktikoak argitaratzen hasi zen Arma Plaza, Lehen Hezkuntzako ikasleei begira. Unitate horien osagarri da Kapen, eta hori kontuan izan da kartetan zein espezie sartu eta zeintzuk ez erabakitzeko. Hautaketa oso zorrotza izan dela nabarmendu du jokoa diseinatu duen Iñaki Sanz-Azkue Aranzadiko Herpetologia Saileko kideak: “Ekosistema bakoitzean aurki daitezkeen espezieak sartu ditugu, baina horretarako, espezieak Hondarribian jasotzen duen izena ere bildua dagoen ala ez izan dugu kontuan, bai eta hezkuntza aldetik espezie bakoitza sartzeak eman dezakeen jokoa, gaia eskolan gehiago landu ahal izateko”.
Berarekin batera, Lore Erriondo pedagogoak, Gabri Alonso diseinatzaileak eta Eñaut Aiartzaguena marrazkilariak parte hartu dute sorkuntza prozesuan. Erriondo unitate didaktikoen arduraduna da, eta karta jokoa diseinatu du Sanz-Azkuerekin batera; besteak beste, arlo pedagokikoa landu du Erriondok. Alonso, bere aldetik, Otzarreta enpresako diseinatzailea da. Eta Aiartzaguena marrazkilaria. “Talde lana izan da”, argitu du Sanz-Azkuek. Berak jokoaren diseinuan parte hartu du Erriondorekin elkarlanean eta, nolabait esateko, landa lanaren ardura hartu du. Espezieak eta habitatak hautatu ditu, eta espezie horien Hondarribiko euskarazko izendapenak bildu.
Aranzadiko kideak hamar urte baino gehiago daramatza Hondarribiko fauna eta flora ikertzen eta animalia askoren izenak jaso ditu denbora horretan, “200dik gora espezie”, tokiko espezieak eta bertako izendapenarekin jasoak. Horietako 36 ageri dira karta-jokoan, ezagunak eta ez hain ezagunak, denetarik: “Espezie arruntak, mehatxatuak daudenak, ikusteko zailak direnak, errazak direnak, deigarriak direnak edota txikitasunagatik, ikusi ez baina entzun agian bai egingo ditugunak”.
Arlo zientifikotik begiratuta ere lan zorrotza da. Aiartzaguenak marrazturiko kartak, erakargarriak izateaz gain, adierazi behar dutenarekin fidelak dira. Espezie bakoitza bere habitatean kokatuta dago, eta argazkiak erabili dituzte marrazkiak egiteko. “Ilustrazio errealistak nahi genituen”, erantsi du Sanzek. Hala, familia karta baino gehiago da, eta lau jokoetara jolastu ahal izateko sortua dago: Familia, puzzle, memoria eta azkartasun jolasak biltzen ditu Kapen mahai jokoak.
Ikasleentzako unitate didaktikoen osagarri diren arren, salmentarako ere argitaratu dituzte. Karta-jokoa Hondarribiko Arma Plazan eta herriko liburu dendetan eros daiteke, 10 euroan. Posterra, 5 euroan, Arma Plazan soilik. Eta opari gisa, Maialen Lujanbiok propio idatzitako bertsoa, jokoaren kutxaren atzealdean irakurri daitekeena eta sakelakoarekin QR kodea irakurriz entzun daitekeena.
Entzun bertsoa
Berez, Hondarribiko bioaniztasuna lantzen du jokoak. Horregatik, kanpotik eskari asko jaso dituztelako harrituta dago Sanz-Azkue: “Honek garbi uzten du badagoela euskarazko eta bertako fauna eta flora lantzeko material aldetik hutsune bat”. Hutsune hori betetzera dator Kapen karta-jokoa. Hondarribiko naturan modu didaktiko eta erakargarrian murgiltzeko gonbita da, bioaniztasunak jokatzeko ere balio duela erakusten duena.
“Korapilo ederra sortzen du herri bakoitzeko bioaniztasunak, bai kontserbazioa aldetik, bai hizkuntza aldetik ere”
Jaiotzez hernaniarra, baina Hondarribia du bizitoki Iñaki Sanz-Azkue Aranzadiko Herpetologia Saileko kideak, eta oso ondo ezagutzen du herriko bioaniztasuna. Herrira bizitzera etorri aurretik hasi zen bertako fauna eta flora aztertzen, baita espezie desberdinak herriko euskaran duten izendapenak biltzen ere. Hamar urte baino gehiago eman ditu horretan, eta lan horren fruitu da Arma Plaza Fundazioak kaleratu berri duen Kapen karta-jokoa.
Neguko lehen izotzaldia aukeratu dugu Sanz-Azkuerekin erreportajerako argazkia egiteko. Paduretara eraman gaitu, udalerriko habitat adierazgarrienetakoa delakoan. “Karta-jokoa egiteko hona ekarri genuen marrazkilaria, padurako espezieak irudikatzeko habitata ezagutu zezan”, kontatu digu. Hernaniarrak duela hamar urte baino gehiago ezagutu zuen ingurune hori lehen aldiz, baina oraindik begiak pizten zaizkio bertara itzultzen denean.
Noiz hasi zinen Hondarribiko naturan kapen egiten?
Hondarribian 10 bat urte daramatzat bizitzen. Hondarribiko natura aztertzen, ordea, lehenago hasi nintzen. Aranzadi Zientzia Elkarteak buruturiko hainbat ikerketetan parte hartu izan dut herrira etorri aurretik, Jaitzubiko paduretan, edota Jaizkibelen fauna eta florari loturiko lanak egiten. Ikerketa horiek txosten moduan edota zientzia artikulu moduan publikatu izan ditut orain arte, baina azken urteetan ingurumen-hezkuntzaren munduan oso baliagarria izan zait esperientzia hori, bertako naturari loturiko dibulgazioa egiteko edota karta-joko hau bezalako material didaktikoa sortzeko, esaterako.
Hernanialdeko bioaniztasunarekin alde handia dago?
Bi herrietan gauza bereziak aurki ditzakegu. Hondarribiak, esaterako, baditu Hernanin aurkituko ez ditugun padurak, edota itsasoa eta itsaslabarra; ugariagoa da hezegune edo zingira aldetik ere, paisaiak hala baimentzen duelako. Garai batean ere izan zituen hareatza zabalak, gizakiak suntsitu dituenak. Horrek, noski, Hondarribian Hernanin aurkituko ez ditugun espezie asko egotea eragiten du. Hondarribia oso aberatsa da ekosistema eta habitat aldetik, eta horrek bioaniztasuna ere handitzen du.
Hernanik, ordea, baso eremu handiak ditu, batez ere Urumea bailaran, eta erreka urtsuak, bailara ilun, malkar eta hezeak sortzen dituztenak. Herri bakoitzak bere berezitasunak ditu, eta hori da niretzako aberatsena. Esaterako, adineko pertsonek euren herrian dauden espezieak baino ez dituzte ezagutzen, eta, beraz, Hernaniko eta Hondarribiko jendea elkarrizketatuz herri batean izena duten espezieak bestean ez dute izenik. Korapilo ederra sortzen du herri bakoitzeko bioaniztasunak, bai kontserbazio aldetik, bai hizkuntza aldetik ere.
Kartetan ageri diren animali eta landareen artean, ba al da bakarrik hemen daudenak edo beste lekuetan oso arraro direnak?
Kartetan denetarik sartzen saiatu gara, didaktika aldetik joko gehiago emateko: espezie arruntak, mehatxatuak daudenak, ikusteko zailak direnak, errazak direnak, deigarriak direnak edota txikitasunagatik, ikusi ez baina entzun agian bai egingo ditugunak. Agertzen dira, esaterako, mehatxatuak dauden ur-arratoia edota apo lasterkaria ere. Bigarren hau, esaterako, euskal kostaldean bi lekutan baino ez da aurkitzen, Getxon eta Hondarribia-Irunen. Igaraba, izokina, saguzar batzuk, burruntziak… babesa duten espezieak dira ere, nahiz eta agian desagertzeko zorian ez egon.
Animali eta landareen izenetan, Hondarribiko euskarazko izendapena ere azaltzen da. Gutxi gora behera, zenbat espezieren Hondarribiko izenak lortu dituzu urte hauetan?
Zaila da zenbaki bat botatzea kontaketa egin gabe, baina asko dudatu gabe 200dik gora esango nuke. Itsasotik kanpoko espezieetan zentratu naiz batez ere, nahiz eta itsasoko hegaztiak eta ugaztunak biltzen ere aritu naizen. Lana dago egiteko arlo honetan, eta denbora gero eta gutxiago…
Zein izan da hautaketa prozesua, zein irizpide izan dituzu kontuan?
Hautaketa oso zorrotza izan da. Jokoak berak arau batzuk ditu, Hondarribiko ekosistema ezberdinak azaltzen dira, eta ekosistema bakoitzean ugaztunak, arraina, landareak… beti talde berak agertzen dira. Beraz, ekosistema bakoitzean aurki daitezkeen espezieak sartu ditugu, baina horretarako, espezieak Hondarribian jasotzen duen izena ere bildua dagoen ala ez izan dugu kontuan, bai eta hezkuntza aldetik espezie bakoitza sartzeak eman dezakeen jokoa, gehiago landu ahal izateko gaia.
Hondarribiko bioaniztasuna lantzen duen karta-jokoa da, baina kanpotik eskaera asko jaso dituzue. Akaso Euskal Herrirako bat prestatu daiteke…
Onartu beharrean gaude izan duen arrakastak ezustean harrapatu gaituela. Euskal Herriko txoko ezberdinetatik ari zaizkigu eskatzen karta-jokoa. Honek garbi uzten du badagoela euskarazko eta bertako fauna eta flora lantzeko material aldetik hutsune bat. Ikusiko dugu Hondarribikoak zein bilakaera izango duen, eta proposamenik badator, ongietorria izango da.