Sareren eskualdeko taldeek deia luzatu diete behe bidasoarrei ostiralean Irungo Luis Marianon bukatuko den ekintzara batzeko.
Orain presoak! lelopean, Sare herritarreko Behe Bidasoko taldeek hiru zutabeko martxa egingo dute ostiralean, hilak 4, Irunen. Presoen gaian “lehentasunez konpondu beharrekoak” aldarrikatuko dituzte, hala nola, “urrunketa, larriki dauden presoen gaia, zigorren batuketa, eta lehen graduaren aldaketa”.
Arratsaldeko zazpietan abiatuko dira hiru zutabeak. Lehenengoa, Hondarribiko Mendelu auzotik; bigarrena, Irungo Gernikako Arbolatik; eta hirugarrena, Urdanibia plazatik. Hiru zutabeak Luis Mariano plazan elkartuko dira. Bertan, ekitaldiaren helburua zehaztuko duen testua irakurriko dute antolatzaileek.
Presoen aldeko manifestazioa, Bilbon
Ostiraleko hiru zutabeen martxarako bezala, hilaren 12an Bilbon eta Baionan egingo diren manifestazio handietara joateko eskatu die Sarek Irun, Hondarribia, Hendaia, Pausu eta Biriatuko herritarrei.