2003an eraiki zuten biribilgunea baina, nonbait, ez zituzten behar bezalako materialak eraiki. Udaberrira arte trafikoan eragingo du obrak.
Material egokiekin eraiki ez zutelako, azkar hondatu da azpiegitura
Gabonak eta gero Iturriberriko biribilgunea konpontzen hasiko dira. Udaberrirako amaituta egotea espero du Hondarribiko Udalak eta 401.600 euroko kostua (BEZ gabe) izango dute. Endara Ingenieros bulegoak egin du proiektua eta Moyua eraikuntza enpresa izango da lanen arduraduna.
Abendua erdialdean aurkeztu zuten obra, Iturriberrin bertan. Han elkartu ziren Txomin Sagarzazu alkatea, Juan Mari Altuna Zerbitzuetako zinegotzia eta Juantxo Murua Endarako proiektua zuzendaria. Alkateak onartu zuenez, biribilgunea egin zireneko lanak ez ziren egokiak izan, eta horrek eragin du azpiegituraren egungo egoera: “2003. urtean Iturriberriko biribilgunea egin zenean, harresietatik hurbilen dagoen gunean harrizko horma bat eraiki zen. Badirudi ez zela lan hori material onenekin egin eta orain egitura egonkortzeko lanak ezinbestekoak dira”.
Trafikoaren eraginez, oso azkar hondatu da eremua, eta ingurua lurrez hustu eta horma berri bat eraiki beharko dute. “Ikerketa teknikoek aholkatzen dutenez, ezinbestekoa da biribilgunearen azpiko lurren hustuketa eta berriro ere lurrez bete eta horma berri bat egitea”, erantsi zuen Sagarzazuk.
Biribilgunearen zati batean egingo dira obrak, Soroeta kale aldeko zatian. Hala, trafikoan eragina izango duen arren, ez da Harresilanda kale osoko zirkulazioa etengo. Honako aldaketak eragingo ditu ibilgailuen trafikoan:
- Harresilandatik hurbiltzen diren autoek ezingo dute Soroeta kalean sartu, biribilgunean ezkerretara egin beharko dute, Jaizkibel etorbidetik gora egiteko.
- Portutik igotzen direnek Donostia kalea eta Sokoa aldera jarraitu beharko dute, ezingo dira biribilgunera joan.
- Era berean, Soroeta auzoko biztanleek aukera bakarra izango dute auzotik irteteko, Sokoa aldetik.
Oinezkoei eta bizikleta erabiltzaileei ere eragingo die obrak, harresiaren ondoko espaloia eta bidegorria itxiko dituztelako.