San Tomas Eguna, ostiralean, baita Hondarribian ere
Musika eskolako ikasleen kalejira izango da Hondarribiko San Tomas Eguneko aurtengo berritasuna; 13:30ean egingo dute agerpena San Pedro kalean.
Musika eskolako ikasleen kalejira izango da Hondarribiko San Tomas Eguneko aurtengo berritasuna; 13:30ean egingo dute agerpena San Pedro kalean. Irungoaren garrantzia ez duen arren, urtetik urtera hazten doan jaia da Portuan egiten dutena, eta aurten ere ehunka herritar erakarriko ditu, seguru. Ohi bezala, 09:00etan abiatuko da Hondarribiko San Tomas eguna, azokaren eta txosnaren irekitzearekin. Baserriko produktuak eta beste zenbait aurkitzeko aukera izango da bertan, baita animali erakusketa bisitatzekoa. Txosnan, eta inguruko tabernetan, ez da txistorra faltako. Giroak goia jotzen duenean hasiko da herri kirol jaialdia Santiago kalean, 13:00ak aldera. Beñat Telleria eta Urtzi Telleria harri-jasotzaile lanetan ariko dira, eta Aratz Mugerza eta Julen Kañamares aizkorarekin. Aurkezle bezala, klasiko bat: Fausto Mugerza. Bazkalostean izango du segida San Tomas Egunak. Lauretatik aurrera haurrentzako herri kirol jokoak antolatuko dituzte. Geroxeago, dantza aleek hartuko dute kalea. 18:30ean Meakako Adixkideak taldearen dantza saioa izango da eta, jarraian, Obaneuke taldearen erromeria.