Futbol elkartearen historia biltzen duen dokumentala proiektatuko dute ostegunean Arma Plazan. Erakusketa ere antolatu dute.
HFE-ko zuzendaritza batzordeko kideetako batzuk, kirol zinegotziarekin
Bi urte barru 50 urte beteko ditu Hondarribia Futbol Elkarteak (HFE), eta dagoeneko hasi dira ospakizunen aurretiko ekitaldiak antolatzen. Ostegunean (hilak 20),
Izan zirenei esker, gaur garena gara dokumentala proiektatuko dute Arma Plaza kultur eta turismo gunean, 20:00etan. Telebista aurkezle eta klubeko jokalari ohi den Julian Iantzik gidatuko du. Ekitaldiak, klubaren historia biltzen duen erakusketa inauguratzeko balioko du, hilaren 28ra arte bisitatu daitekeena.
Biek, helburu bera dute, klubaren historia bildu eta aitzindarien lana balioan jarri, gaur goizeko aurkezpenean Javier Gonzalo batzordeko kideak adierazi bezala: “Klubaren sortzaileei eta lehen urratsak eman zituztenei esker ona adierazi nahi die elkarteak”. Kalixa Silanes Kirol zinegotzia izan du ondoan. Biek nabarmendu dutenez, herriko familia gehienek izan dute beti norbait HFE-ri lotuta. Egun herriko kirol elkarte handiena da, 600 inguru kirolarirekin. Hori horrela, herriarekin loturak estutu nahi ditu HFE-k, herritarrengana hurbildu, eta herritarrak haiengana hurbiltzea.
Ostegunean proiektatuko duten dokumentala eta egun horretatik bisitatu daitekeen erakusketa lehen urratsak baino ez dira. Hurrengo bi urteetan “elkartearen nortasuna eta proiektua gizarteratu” nahi dute. Horretarako laguntza eskatu diete herritarrei, klubeko historiaren eragile aktibo bilakatu daitezen: “Ahal eta nahi duenak, klubarekin duen gogoeta, anekdota, datuak, argazkiak edota bestelako objektuak partekatzeko. Material guztiarekin, mende erdia egingo duen klubaren memoria bizirik mantentzea da asmoa”.