"Geruza bat jarri dut oraina eta nire kontakizunaren artean"
Maite Darceles, idazlea
Bihotzean daramagun mundua (Alberdania) lehen eleberria du, baina bigarren liburua, aurretik saiakera bat argitaratu baitzuen Maite Darceles Tifek (Hondarribia, 1971). Oraingoan zientzia-fikzioan murgildu da, istorioa mende bukaerako gizarte distopiko batean kokatuz. Etorkizunera bidaiatu du, gaurkoaz askeago idatzi ahal izateko.
Nola joan zaizu Durangoko estreinaldia, lehen aldia bertan liburu bat saltzen zenuena?
Durangora ez naiz oso maiz joaten baina, bai noski, egon izan naiz, eta orain tokatu zait mostradorearen beste aldeko esperientzia hori bizitzea. Kontaktuak egiten dituzu, jendea ezagutzen duzu, etortzen zaizu jendea sinadurak eskatuz. Kasuren bat tokatu zait, pertsona bat nire sinaduraren bila zegoela, ez dakit zergatik [barre egin du, lotsatuta], liburua erosi zuela eta handik bi egunera berriro itzuli zen, sinatzeko… Zuk idazten duzu liburu bat eta norbaitengana iristea nahi duzu, eta zuri zerbait transmititu nahi badizu, zer iruditu zaion, edo galderaren bat, hori egiteko aukera ematen dizu Durangok.
Ondo saldu al da Bihotzean daramagun mundua?
[Zalantzakor] Uste dut ondo joan dela. Nik ez dakit gauza hauek nola joaten diren, bai iruditu zait leku dezentetatik deitu didatela elkarrizketak egiteko. Baina beste alde batetik begiratuta, normala ere iruditzen zait. Azkenean, idazten baduzu eleberri bat euskaraz, euskal medioetatik deitzea normala da. Alde batetik harritzen dizu, baina beste aldetik normala ere bada.
Kasu egiten al diezu kritikei, sare sozialei? Ibili al zara saltsan ea zer esaten duten?
Noizbehinka begiratzen ditut. Adibidez, iraila bukaeran AnsibleFest egin zuten Bilbon, literatura fantastikoko lehenengo topaketa feminista, eta hor nire liburua aipatu zuten [irribarrea atera zaio]. Horrelako gauzak gustatzen zaizkizu.
Aprobetxatu al duzu Azoka ideiak hartu eta Olentzerori gutuna idazteko?
Durangon, egia esan, askorik ez nuen erosi, liburu pare bat. Baina gehiago erosteko gogoz nago.
Batek baino gehiagok zure eleberria eskatuko du…
Baten batek baietz esan dit, ez dakit gero erosiko ote duen.
Aurretik baduzu beste liburu bat argitaratua, saiakera bat.
2008an idatzi nuen, eta hurrengo urtean argitaratu zen, hamar urte ja. Enkarguz idatzi nuen, Bizkaiko Foru Aldundiak eskatuta. Hobest aholkularitza enpresan nago, eta enpresetan eta antolakundeetan egindako eraldaketa prozesuak aztertu eta horiekin dibulgaziorako zerbait egitea nahi zuten. Hori zen helburua. Bi enpresekin landa lan bat egin genuen, enpresak ondo aztertuz eta ondorioak sartu nituen liburuan.
Urte batzuk geroago lehen eleberria aurkeztu duzu. Fikziozko lehen lana, eta ez duzu errazetik jo. Badira beste genero batzuk lanketa txikiagoa eskatzen dutenak… Baina zuk eleberria, eta zientzia-fikziozkoa gainera.
Bai, hala da. Idazteko bi iturri behar dira, bat da ‘ondo’ egitea, idazteko gaitasuna izatea, eta bestea barruan daukazuna adierazteko bidea irekitzea. Ni hobea naiz idazten hitz egiten baino, hori beti jakin izan dut, horren kontziente nintzen betidanik, baina bigarrena, ez nuen lortzen bide hori irekitzea, eta hori gertatu zitzaidan orain dela hamar urte, saiakera idatzi nuenean.
Ordutik argi nuen idatzi nahi nuela, baina noski, oso zaila da [arnasa hartu du], ideia bat aurkitzea, horri jarraitu… Saiatzen nintzen gauzak diren bezala azaltzen, saiakera moduko bat. Baina pentsatu nuen agian fikzioaren bidez egin nezakeela hobeto, eta burura etorri zitzaidan, zergatik ez kokatu fikzio hori etorkizunean, horrela ni askeago sentituko naiz. Eta hitz egingo dut gaurko munduari buruz, gaurko munduari buruz hitz egin nahi nuelako, baina gauzak diren bezala ondo ez baditut esaten, geruza bat jarri dut tartean, oraina eta nire kontakizunaren artean, eta orduan askeago izan naiteke.
XXI. mendearen bigarren erdialdean kokatzen da istorioa. Gizarte berri bat irudikatu duzu, oraingo gizartearen ajeetako batzuk muturrera eramanda, nolabait esatearren. Egungo gizartearen kritika da.
Bai. Askok esaten didate, hau orain gertatzen da, edo beste hau ere… Hori zen nire asmoa, muturrera eramanez oraingo zenbait joera edo, kontzientzia hartzea zer egiten ari garen, azaldu gure bizimoduan txertatuta dauden joera batzuk, larriak edo kezkagarriak izan daitezkeenak.
Gero hori osatu egin duzu, azpiegiturak, tresnak, aisialdia, ohiturak… Lan handia eman al dizu horrek?
Horrek aukera eman dit gehien nire semeekin hitz egiteko. Esaten nien, ‘pentsatzen ari naiz sartzea hau eta beste, zer iruditzen zaizue?’ Alde hori parte oso polita izan da sorkuntza aldetik, ez dit bereziki lanik eman. Saiatu naiz orain ez dauzkagun teknologiak ez agertzen, oso-oso fantasiosoa ez naiz izan, nahikoa errealista izan naiz.
Glosario bat azaltzen da liburuko azken orrian, zuk asmatutako teknologia eta gailu horiek biltzen dituena. Hori gabe ere irakur daiteke liburua, baina irakurketa osatzen du, eta teknologia horiek irudikatzeko aukera eskaintzen du.
Bai, ez zen beharrezkoa ezinbestean, baina bai ematen du informazio bat testuan ez dena agertzen. Informazio horiek txertatu ez nituenez, eta interesgarria iruditzen zitzaidanez, glosarioa osatu nuen. Adibidez, gizarte horren garraio egitura nolakoa den azaltzen da, autoak autonomoak direla, airautoak daudela kirola egiteko, terrabusak… Buruan neukana baina testuan azaltzen ez zena jasota dago, ez zedila gelditu galduta bezala. Helburu hori du glosarioak.
Liburua Euskal Herrian kokatuta dago, pertsonen izenengatik dakigu, baina ez dago erreferentzia geografikorik. Badirudi mugak lausotu egin direla eta nolabaiteko globalizazio geografikoa islatzen duela liburuak. Hori bilatu al duzu?
Nahita bilatu dut hori, adierazteko historia berdintsua gerta zitekeela Frantziako iparraldean, edo Hungarian edo ez dakit non, mundu globalizatuari buruz hitz egiten ari naiz. Baina era berean, Euskal Herrian kokatu nahi nuen, euskalduna naizelako, eta gure herriko etorkizunaz hitz egitea interesatzen zaidalako, nahiz eta osotasun baten barruan kokatu.
Lorea da protagonista nagusia, ikerlari sena duen gaztea. Dena programatuta dagoen munduan bizi da, baina ia ohartu gabe, beste mundu bat badela aurkitzen du. 30-40 urte lehenago iraultza bat gertatu zen. Nolako iraultza?
Etorkizun oso-oso hurbil batean kokatzen dut, seguru asko oraintxe bertan Euskal Herriko herri txikiren batean gertatzen ari dena [barrez]. Gizarte ikuspegitik begiratuta orain bizitzen ari garen egoera larri honetan, jendea mugitzen hasi da gauzak beste era batera egin nahirik, buru-askitasun sistema batzuk eraikitzen, ahalik eta sistema modernoenekin, teknologia aurreratuenak baliatuz, eta ez horiei uko eginez. ‘Iraultza’ izena aipatu gabe, beste aukera bat eraikitzen hasi dira. Hasieran botereek ez diete jaramon handiegirik egiten, buruhausteak eman ordez, jendea isilik dagoelako. Baina momentu batean eskuetatik ihes egiten ari dira, eta iraultza hori zapuztu egiten dute.
Iraultza horren berri duen heinean, barne iraultza bat pairatuko du Lorea protagonistak. Sentimendurik gabeko munduan bizi da, baina bere sentimenduak azalarazten hasten dira. Kontakizuna bera bezain garrantzitsuak dira sentimenduak liburuan.
Niretzat erronka handi bat izan da Lorearen garapen prozesu hori erakustea liburuan zehar. Hori zen lortu behar nuena, ezagutzen duen heinean, bere barnean gertatzen ari den eraldaketa horren kontziente izatea irakurlea.
Sistemak iraultza desegin eta ezabatu egin zuen. Hori ere muturrera eraman duzu, pentsamendu bakarraren ideia.
Sortu dudan munduan agertu dut mugimendu iraultzaile bat, sistemak zapuztu zuena. Baina garai berdinean segur aski gertatu ziren beste leku askotan mugimendu horiek, eta denek izan zuten patu berbera, guztiz zokoratuta gelditu ziren… Batzuen memorian, hor besterik ez.
Literaturarik ere ez dago mundu horretan, edo ez da behar. Baina badira obra eta autore batzuk liburuan zehar aipatzen direnak. Ondo aukeratutako lanak dira.
Debekatuta baino, beste modu leunago batean, baina bai, literatura desagertu egiten da. Eleberrian zehar azaltzen diren liburuak izan dira niretzat inspirazio iturri izan direnak, liburua idazteko, edo iruditzen zitzaidan Loreari, zegoen momentuan, balioko ziotela bere ulermena garatzen joateko. Daukadan ideia bat da gizakia konektatzea berez denarekin, eta iruditzen zait Loreak egiten duen garapen horretan, hori egiten duela, konektatu bera berez denarekin. Inguruan duen jendea, bitartean, txotxongilo moduan bizi da gehiago.
Durangoko Azoka pasa berritan, zaila da irudikatzea literaturarik gabeko mundua, baina arrisku hori ikusten duzu zuk?
Aspaldi, orain bi mende edo, literatura oso gutxiren esku zegoen, gutxik zuten irakurtzeko aukera. Egun suposatzen da denon esku dagoela, denok dakigu irakurtzen, baina zenbatek irakurtzen dugu? Euskaldunon oso kopuru txiki batek irakurtzen du euskaraz. Kezkagarria da, eta ez da ez dakigulako. Beste gauza batzuk hartzen ari dira lehen literaturak zuen papera, baina ez dute beteko literaturak betetzen zuen bezala. Eta gertatzen ari da gu ohartu gabe, edo gogoeta sakonik egin gabe.
Panorama beltz horretan, Helenek Loreari honela esaten dio: ‘Esperantza txiki bat baldin badugu, ordea, horri eutsi behar diogu. Ez etsi, eutsi’. Bada liburuan itxaropen mezu bat…
Esperantza duen pertsona bat naiz ni. Ezagutzen dut jende asko oso ona, ez bakarrik etikari dagokionez baizik eta balio handikoa, eta nik uste liburuan zehar ideia hori transmititzen dela. Garrantzitsua da ulertzea esperantza izateko ekimen kolektiboak behar ditugula, gizarteak eramaten gaitu askotan pentsatzera bakoitzak bere bidea hartu behar duela, bere kabuz bidea egin, baina horrela ez dugu lortuko gauza handirik aldatzea. Ekimen kolektibo horiek dauden bitartean, edo hori egiteko gai den jendea dagoen bitartean, eta gauza interesgarriak modu kolektiboan egiten dituen jendea dagoen bitartean, niri iruditzen zait esperantza eduki behar dugula. Ez dago beste biderik.
Mundu polita sortu duzu beste istorioren bat bertan kokatzeko, Lorearena, edo beste edozein. Izango al da airauto, holopedia, edo terrabus-ik zure hurrengo lanetan?
Egia esan, pertsona batek baino gehiagok, liburua irakurri eta gero esan dit gelditu dela jarraitzeko gogoz, eta ea jarraituko ote duen. Beste bide bat izan daiteke zu planteatzen ari zaren hori, igual ez izatea liburu bat hasten dena kontakizun hau amaitzen den puntuan, baizik eta pertsonaiaren baten haritik tiraka edo beste zerbait kontatzen duen liburua izatea. Izan liteke, ez dakit, baina oraindik ez daukat hori buruan.
Baditut landu nahi ditudan ideiak, baina oraindik ez naizenez ezer gauzatzen hasi, ez dakit zer gertatuko den. Hori bai, fikzioa idaztea asko gustatu zait, mundu hori sortzea, Lorea, Helene eta beste pertsonaiak sortu ditut, eta badakit nolakoak diren, zer gustatzen zaien, oraintxe zer esango luketen, eta hori polita da.