0-17 urte bitarteko haurrentzako jostailu berriak jasoko dituzte Hondarribiko egoitzan, sexistak eta belikoak ez direnak.
Astelehenetik ostiralera bilduko dituzte jostailuak, arratsaldez
Hondarribiko Gurutze Gorriak
Haien Eskubideak Jokoan Gabonetako bilketa bereziari ekin dio. Azken urteotan bezala, jostailuak berriak bilduko dituzte, zailtasunak dituzten familietako haurren artean banatzeko. “Haurrak dira pobreziaren ondorioak gehien jasaten ari diren kolektiboetako bat, familiek oinarri-oinarrizko gastuei aurre egiteko zailtasun handiak dituztelako”, azaldu du erakundeak. Hori horrela, gizartea sentsibilizatzea ere bilatzen du Gurutze Gorria
ren Haien Eskubideak Jokoan programak, “haurtzaroan jostailuak duen garrantziaz ohartaraziz”.
Atzo hasi ziren bilketa egiten eta hilaren 18ra arte iraungo du kanpainak. Lagundu nahi duenak astelehenetik ostiralera Gurutze Gorriaren egoitzara (Molla etorbidea, 7) eraman behar ditu jostailuak, 16:00etatik 20:00etara.
Kanpaina, 0 eta 17 urte bitarteko haur eta nerabeei zuzenduta dago. Aurretik adierazi bezala, jostailu berriak izan behar dira, Olentzero eta Errege Magoen esku utziko baitituzte. Eta ezingo dira sexistak edo belikoak izan, horrelakoak ez dituzte onartuko.
Zalantzaren bat izanez gero, pasatu Gurutze Gorritik zehaztutako ordutegian, edo deitu 943 64 17 27 telefono zenbakira, eta galdetu kanpainaz arduratzen diren boluntarioei. Jostailuak nolakoak behar diren esateaz gain, bestelako gomendioak emango dituzte, besteak beste, bilketa aurrera joan ahala zein adinetan dagoen behar handiena.