'Hondarribiko dendetara fan, fan, fan' leloa errepikatuko dute, baina kanpainaren irudia eta informazio postua berriak dira, "goxoagoak".
33 komertziok egin dute bat kanpainarekin. Irudian, horietako batzuk
Gaur piztuko dituzte Gabonetako argiak Hondarribian. Kale gehienetan, gainera, argiteria estreinatuko du herriak. San Tomas Eguna oraindik urruti dagoen arren, Gabonetarako erosketak egiteko garaia iritsi da, eta argiekin, eta gaur aurkeztu duten Gabonetako kanpainarekin, erosketa horiek herrian egitea bilatzen dute Hondarribiko Udalak eta herriko merkatariek.
Hondarribiko dendetara, fan, fan, fan, hori izango da bigarrenez kanpainaren leloa. “Joan den urtean hondarribiarrek oso ondo hartu zuten, oso bertakotzat jo zutelako”, azaldu du Maria Serrano Merkataritza zinegotziak. Horregatik, aurten errepikatu dute, “bertan erosteko bertako mezuak erabili behar direla uste dugulako”.
Lelo bera, baina beste itxura bat, “agian goxoagoa” Serranoren hitzetan. Eta beste informazio postu bat, San Pedro kaleko etxeen arkitekturarekin egokiago txertatzen dena. Bertan, kanpainari buruzko informazioa emango dute, zein komertziok parte hartzen duten, erosketa txartelen bi zozketetan parte hartzeko zer egin behar den —3.000 euro guztira banatuko dira—, zeintzuk ekitaldi antolatu dituzten eta noiz diren, eta abar. Postu horretan bildu dira gaur goizean kanpainan izena eman duten komertzio batzuetako dendariak, kanpainaren abiatze argazkirako.
“Hondarribiarrei dei egitea Gabonetako opari eta erosketak Hondarribian egin ditzaten”, hori da kanpainaren helburua, eta helburu horrekin herriko 33 saltokik egin dute bat. Serranok erantsi duenez, merkatarien eskaera da bereziki Gabonetako kanpaina egiteko: “Urtean zehar saiatzen gara gauzak egiten, baina aurrekontuaren zati handiena Gabonetako kanpainara doa”.
Merkatarien izenean, Ongi Etorri saltokiko Amaia Tobarrek, Gabonetako kanpainaren garrantzia nabarmendu du: “Herria bizirik mantentzea suposatzen du kanpainak. Dendak bizirik mantentzen ez baditugu, herria hilko da. Bizitasun hori, argiak piztuta daudela sumatzen den giro hori, horrek bizitza ematen du, eta hori mantendu egin behar da”.
Tobarrek dei egin die herritarrei Gabonetako erosketak herriko komertzioetan egin ditzaten, eta dendaz denda joan daitezen egunotan apaintzen ari diren erakusleihoak bisitatzeko. Izan ere, udaran erakusleiho-apainketa tailerra egin zuten denda askok eta horrek, Blues jaialdian izan zuen bezala, isla izango du Gabonetako kanpainan. “Erakusleihoak apaintzeko teknikak ikastea oso garrantzitsua izan da, eta oso momentu berezia izan zen, merkatariak elkarrekin lanean… Eskerrak eman behar dizkiogu udalari tailerrak antolatu izanagatik”.
Azoka, asteburuan, Itsas Etxean
Kanpainaren barruan ekintza ugari antolatu dituzte udalak eta merkatariek, eta horietako garrantzitsuenetako bat asteburu honetan iritsiko da, Gabonetako Azoka. Hirugarrenez Itsas Etxean egingo da, larunbat eta igandez, goiz eta arratsaldez. “Hamalau komertziok parte hartuko dute aurten”, aurreratu du zinegotziak.
Beste urte batzuetan bezala, salmentaz gain, ekintza osagarriak izango dira Itsas Etxean (eskulanak, tailerrak, dantza…). Eta berritasun bat, “antzezlan bat, Gabonetako bazkari edo afari horietako bat irudikatuko duena”. Helduentzako obra izango da, urte bukaerako eta hasierako otordu horiek nola gainditu erakutsiko duena, eta ironia eta umorea faltan izango ez dituena.