Acto Messie: "Proiektu oso pertsonala da ‘Ortzi’, euskaraz behar zuen"
Talaia institutuan saioa du bihar rap abeslariak, Euskararen Egunari lotutako jardunaldiaren barruan. talaian idatzi zituen lehen hitzak, 12 urterekin.
Talaia institutuan saioa du bihar (ostirala) rap abeslariak, Euskararen Egunari lotutako jardunaldiaren barruan. Talaiako ikasle izandakoa da eta bertan idatzi zituen lehen hitzak, 12 urterekin.
Rap abeslaria, musikaria, DJa… zer da Acto Messie?
Artista, musikari, konpositore edo margolari bezala ikusten dut nire burua. Ez dut gustuko nire lanari mugak jartzea, eta ez dizkiet ateak ixten beste arte diziplina berriei.
Duela hilabete batzuk Ortzi diskoa kaleratu zenuen. Non eta ze formatutan lor daiteke?
Ortzi jendearentzat egina da, eta horregatik Internetera doan igo dut. Baina ez dut baztertzen formatu fisikoan argitaratzea, banatzaile egokia aurkituz gero. Biniloan ateratzeko ilusioa dut.
Nolako rap musika da zurea?
Ortzi kontzeptuala eta mitologikoa da. Hitzen jatorria, hizkuntza nondik sortzen den kontatu nahi du. Hip-hop erritmoetan dago sortua, baino orain, adibidez, lan berri batean nago murgildua, eta modernoagoa izango da, oso desberdina.
Ondo mugitzen ari da diskoa?
Proiektu pertsonala zen, eta ezustekoa hartu dut Internetera igo eta espero nuena baino askoz jende gehiagok entzun duelako. Diskoari esker beste artista batzuk eta industriako zenbait pertsona ezagutzeko aukera izan dut, eta pentsa ezin nituen kontzertu batzuk emateko aukera izan dut.
Ez da argitaratzen duzun lehen lana, baina bai euskarazko abestiez osaturiko lehena. Zer dela-eta erabaki zenuen Ortzi euskaraz argitaratzea?
Nere lehengo abestiak gaztelaniaz izan ziren, gaztelaniazko erreferentziak nituelako. Baina proiektu oso bat kaleratu nahi nuen, nirea pertsonala, nire kabuz konposatutakoa, nik idatzia eta nik grabatua, nire ingurua eta historia kontatu zezakeena. Eta noski, nire hizkuntzan izan behar zuen, euskaraz.
Nondik ateratzen dituzu letretarako ideiak?
Itsasoari, zeruari, lurrari, kulturari eta gure sustraiei kantatzen diet. Naturatik ateratzen ditut ideiak, hemen zegoelako ni jaio nintzenean, eta iraungo duelako ni joan eta gero.
Talaia institutuan abestuko duzu, Euskararen Astearen barruan. Nolako saioa prestatu duzu?
Lehenengo txarla txiki bat emango dut hitzaren garrantziaz, eta gero institutuko gazteentzako egokiak iruditu zaizkidan lauzpabost kanta prestatu ditut. Polita izango da Talaian abestea, nire lehenengotariko letrak bertan idatziak direlako, 12 urte inguru nituenekoak.
Zu entzutera joaten direnak zerekin geratzea nahiko zenuke, zein mezu transmititu nahi diezu ikasleei?
Ez dela beldurrik izan behar norberaren ametsak betetzeko, bururatzen zaizkigun proiektuak, saiatuz gero, errealitate bilakatu daitezkeela. Horrekin.