Egiluze ikastetxeak egitarau zabala prestatu du 11 eguneko Euskararen Astea ospatzeko. Euskaraldiko txapez bete dute hezkuntza zentroa.
Egiluze ikastetxeko irakasleak eta langileak, Euskaraldiaren aldeko argazkian
Aurten Euskaraldiarekin bat eginez, Euskararen Astean murgildu dira Hondarribiko Egiluze ikastetxean. Hezkuntza zentroak jakinarazi duenez, ekitaldi berezia da aurtengoa: “Urte berezia guretzat, 20 urte, bi hamarkada beteko baititugu gurean Euskararen egun, aste, eta hainbat eta hainbat jarduera, dinamizazio, ekimen sustatzaile antolatzen eta gauzatzen. Bide luzea egin dugu eta bide luzea dugu oraindik, baina bagoaz ttipi-ttapa, urratsez urrats aurrera eginez”.
Euskaraldiaren abiatzearekin, hilaren 23an hasi ziren Euskararen Astea ospatzen, Ahobizi eta Belarriprest txapak sortu eta banatuz: “Sehasketatik hasi eta DBH-raino, ikasle, langile nahiz guraso, bere rola hartu du bakoitzak, eta eskolan egin ditugun txapak banatuta, nork berea soinean jarri du”.
Egitarau oso zabala prestatu dute Egiluzen, Euskararen Asterako. Hona hemen zerrendako ekitaldi batzuk: Egiluzeko Txistu Eskolako ikasleen kontzertu pedagogikoa; HH eta LHko ikasleentzako ipuin musikatua; HH-koentzako ipuin kontaketa; LHkoentzako Amets eta Maialen Arzallus bertsolarien saioa; LH eta DBH-koen solasaldia Eñaut Aiartzaguena marrazkigile eta diseinatzaile grafikoarekin, eta 2. DBH-koena Jasone Osoro idazlearekin Ezekiel eleberriaz; LKko lehen zikloko ikasleen bi eguneko irteera Arotzeneara; eta 4. DBH-koentzako prestakuntza saio berezi bat: “Ikasturte honetan zehar Hondarribian gerra zibila nola bizi izan zen ikertu, gidoia prestatu eta dokumentalak grabatzeko prestakuntza saioetako bat jasoko dute, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako proiektuaren barruan”, argitu du zentroak.
Eskola kanpoan ere burutu eta burutuko dituzte ekintzak 4. DBH-koek. Bestetik, Gazte Mintzodromoan parte hartuko dute eta, bestetik, elikagaien bankuan ere lanean ariko dira bezeroei laguntza eskatuz.
Horiek eta beste asko egiten ari dira hilaren 2tik abenduaren 3ra bitarte Hondarribiko Egiluzen.