Irungo Udalak herritarrak Euskaraldian parte hartzera animatu ditu
Irungo Udalak berea egiten du Euskaraldiaren helburua, hau da, euskarazko hizkuntza-praktika eta harremanak jendartean bultzatzea.
EUSKARALDIAREN ALDEKO ETA EUSKARALDIAREKIN BAT EGITEKO ADIERAZPEN INSTITUZIONALA Azken neurketek baieztatu dutenez, euskararen ulermena eta ezagutza zabaltzen ari dira Euskal Herriko inguru ezberdinetan. Euskaraz hitz egiteko gai den gero eta jende gehiago dago, eta euskara ulertzen dutenak ere gero gehiago dira. Bi datu horiek aditzera ematen digutenez, euskarazko harremanak areagotzeko baldintza onak daude. Euskararen erabilpen maila handiagoa sustatu eta praktika linguistiko berriak bultzatzen dituzten testuinguruak sortzeko beharra dagoela ikusten da. Helburu horiek lortzeko, hiztunei prestakuntza- eta ahalduntze-tresnak eskaintzea garrantzitsua izango da aurrerantzean. Herritar euskaltzaleak aktibatzearen bidez euskararen erabilpena sustatzea da helburua. Eta horren harira, euskararen inguruan lanean ari diren zenbait sustatzailek sortu dute Euskaraldia. Euskaraldia ez da kanpaina bat, ezta euskararen aldeko jai bat ere. Euskaraldia ariketa sozial bat da. Batetik, euskal hiztunen hizkuntza-harremanetan eragitea eta beren harreman-sareetan euskara gehiago erabiltzea izango da 2018ko azaroa eta abendua bitartean egingo den Euskaraldia “11 egun euskaraz” ekimenaren helburua. Bestetik, hizkuntzaren normalizazioaren ardura pertsonen eta erakundeen artean partekatua denez, 2019an, mota guztietako erakundeek euskararen erabilera babesteko eta bultzatzeko neurriak hartzea izango du xede. Aktibatzeak martxan jartzea esan nahi du. Hizkuntzaren erabilerari lotutako kontzeptua da, euskaraz hitz egiten dakitenek edota euskara ulertzeko gaitasuna daukatenek euskara erabil dezaten lortu nahi da. Hamaika egun horietan, 16 urtetik gorako herritarrak Ahobizi eta Belarriprest bihurtu nahi dira. Ahobizi ulertzen duten guztiei euskaraz hitz egiten dieten lagunak dira (baita ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egiten dietenak ere). Belarriprest, berriz, gutxienez euskara ulertzen duten kideak dira, gainontzekoei euskaraz aritzeko gonbidapena luzatzen dietenak. Ekimena Euskal Herri osoan egingo den arren, tokian tokiko euskaltzaleak izango dira herri bakoitzeko dinamiken sustatzaileak, eta tokiko inguru soziolinguistikora zein errealitatera moldatzeko modukoa izango da. Antolaketan, beraz, auzo, herri zein eskualde ezberdinetako euskaltzale taldeak arituko dira, eta baita hainbat elkarte, enpresa eta erakundetakoak ere. Horietako asko jada lanean hasi dira aurten egingo den gizarte-ariketa prestatzeko. Guzti hori dela eta, Irungo udala honako Adierazpen Instituzionala adostu du:
-
Irungo Udalak berea egiten du Euskaraldiaren helburua, hau da, euskarazko hizkuntza-praktika eta harremanak bultzatzea.
-
Irungo Udalak bat egiten du Euskaraldiarekin, bat egite hori Adierazpen Instituzional honen bitartez gauzatuz.
-
Irungo Udalak herritar guztiak animatu nahi ditu, euren euskara-gaitasunen arabera, Euskaraldian parte hartzera, ahalduntze-tresna bat eskuratuz, euskarazko harremanetarako espazioak sortuz eta praktika hori bultzatuz.