Bihar hautatuko dute Bidasoa Kirol Elkarteko presidente berria. 856 bazkideen esku dago Irungo talde historikoaren ardura zeini eman.
Hamasei urte eman ditu kargoan Sodupek. Bihar aukeratuko dute presidente berria
Elgorriaga Bidasoak irabazten zuenean, Euskal Herri osoak irabazten zuen. Joko arauak ezagutu ala ez, milaka eta milaka ziren txokolateroen jarraitzaileak. Etxean telebista zuen edozeinek partidak ikusteko aukera zuen garaiak ziren, eta Bidasoak partida garrantzitsua zuenean ikusi beharra zegoen. Edozein kiroletan Europako Txapelketa irabazitako lehen euskal taldea izan zen Irungoa, eta zazpi probintzietan ospatu zen hura.
1994-95 denboraldian irabazi zuen Bidasoak Europako Kopa, urte hartako liga bereganatu eta bi astera. 1987an lehen Asobal Liga irabazi zuenetik, urte zoragarriak bizitu zituen klubak. Bi liga, bi errege Kopa, Espainiako Superkopa bat, Europako Kopa eta beste Europako Superkopa bat. Hori guztia hamarkada batean. Baina amets eder guztiak bezala, hura ere bukatu zen.
Hurrengo urteetan gainbehera etorri zen, babesle nagusiaren galerak sakonduko zuena. 2007an Ohorezko Zilarrezko Mailara jaitsi zen taldea eta sei denboraldi eman zituen bertan. 2013an igo egin zen, play-offetan galdu arren Atletico Madrilen desagertzeak utzitako hutsunea bete zutelako. Baina urtebete baino ez zuen iraun. Beste bi denboraldi eman zituen bigarren mailan 2016an berriro igotzea lortu zuen arte. Gaur arte.
Duela bi urte 11. tokian bukatu zuten bidasoarrek itzulerako denboraldia, eta iaz 10. postuan. Aurten, inork uste baino hobeto hasi du Irungo taldeak lehiaketa, liga erregularreko lehen herena jokatuta bigarren tokian baitaude, sei garaipen, berdinketa bat eta porrot batekin. Urruti dituzte 1990eko hamarkadako lorpenak, baina horrela jarraituz gero, Europara bidean dira berriro bidasoarrak. Hori bai, hankak lurrean dituzte, sailkapeneko bederatzigarrenak hiru puntu gutxiago dituelako, eta hamaikagarren postua lau puntu eskasera dagoelako.
Behin Asobal Ligara itzulita, Europan berriro jokatzea, hori da Bidasoa Kirol Elkartearen ametsa. Hori, eta zorra guztiz kitatzea. 70.000 euroko zama du Irungo klubak. Bi helburu horiek dira, kirol arlokoa nahiz ekonomikoa, bihar egingo diren presidentziarako hauteskundeetara aurkeztu diren bi hautagaien erronka nagusiak. Iñaki Emaldi eta Gurutz Aginagalde dira bi hautagaiak, biak ala biak aski ezagunak Irungo eskubaloi zaleentzat. Emaldi, egungo presidenteordea, Soduperen ondokoa. Aginagalde, klubeko atezaina 1995etik 2005era arte, eta ondoren, Naturhouse La Rioja taldekoa.
Hamasei urte karguan
Uztailaren 27an eman zuen Jose Angel Sodupek kargua uzteko erabakiaren berri. Hamasei urteren ondoren, Bidasoako presidentetza uztea erabaki du Sodupek. Taldeak egoera zaila bizi zuenean hartu zuen klubaren gidaritza, eta agintaldiko zatirik handiena korrontearen kontra borrokatzea egokitu zaio, bai kirol arloari dagokionean, baita diru kontuetan ere.
Desagertzeko zorian ere egon zen taldea, maila galdu zuenean. Irailean HITZA-ri eskainitako elkarrizketan, une horiez mintzatu zen presidentea: «Estatu mailan burbuila batean bizi ginen, astakeriak ordaintzen ziren jokalariengatik. Baina gauzak okertzen hasi ziren. Mailaz jaitsi zen Bidasoa hark 1,4 milioi euroko aurrekontua zuen, eta egun ditugun 800.000 euro horiekin Europan lehiatzeko aukera duzu, ezberdintasuna nabarmena da. Asobaletik jaitsi ginenean, gehiago kontrolatzen hasi ginen gastua. Orduan etorri zen Bidasoa ez desagertzeko arrakasta». Ia 300.000 euroko betebeharrak izan zituen klubak hondoa jo zuenean. Egun 70.000 euro ingurukoa da zorra.
Bihar lehiatuko diren bi hautagaiek klubari eskainitako denbora eskertu diote Soduperi. Emaldik bereziki, azken agintaldian proiektua partekatu baitute. Nolanahi ere, atzerago joan da Soduperen lana goratzeko: «Historiako hamasei urte larrienak bizitu ditu presidente bezala, eta taldea egoera ekonomiko bikainean utziko du, eta kirol arloan ikaragarri ondo. Egindako lan guztia estimatzeko modukoa da, zalantzarik gabe».
Aldaketaren hautagaiak, Aginagaldek ere, aintzat hartzen du Sodupek ereindakoa: «Urte askotan egon da karguan. Zalantzarik gabe gauza onak eta txarrak izan ditu, baina egindako guztiari balorea eman behar zaio».
856 bazkide daude deituak
Bihar arratsaldean hautatuko dute Bidasoa Eskubaloi Elkartearen presidente berria. Bada Huesca taldearen kontra jokatuko du Bidasoak Artalekun. Presidente aukeratzeko eguna izanik eta taldeak daraman denboraldia kontuan izanik, argi dago harmailen bultzada ez zaiela faltako jokalariei. 17:00etan hasiko da partida, Artalekun.
Era berean pentsa daiteke taldearen kirol egoera hain ona izateak mesede egingo diola parte hartzeari, bazkide gehienek nahiko arrazoi dutelako kiroldegira hurbiltzeko. Orotara, 856 dira bozkatzera deituak dauden bazkideak. Artaleku kiroldegiko kafetegi eremuan jarriko dituzte hautes-mahaiak, hiru guztira, hurrenez hurren, lehen abizenaren lehen hizkia A hizkitik E-ra, F-tik N-ra eta O-tik Z-ra dutenentzat. Beste mahai bat egongo da, bozka ordezkatuarentzat. 15:30ean hasiko da bozketa, eta 21:30ak arte izango da baten edo bestearen alde egiteko aukera. Ordu hori iritsita ekingo diote botoen zenbaketari. Aurrena, boto ordezkatua zenbatuko dute, eta ondoren gainontzekoak.
«Proiektu eta ziklo berria hasita daude, jarraipena izan beharko luke»
Iñaki Emaldi
Iñaki Emaldi. Hautagaia
Zergatik erabaki zenuen Bidasoaren presidente izateko hauteskundeetara aurkeztea?
Azken garaian taldeak hartu duen bidea ikusita eta, batez ere, azken lau urteotan Asobal Ligara igotzea lortu eta gero, proiektu sakon batekin hasi ginen, eta emaitzak lortzen hasi gara. Idazkaritza teknikoak lan handia egin du urte hauetan, entrenatzaileek ere proiektuan sinisten dute, baita jokalariek ere. Momentu txarrak pasatu ditugu, baina uste dut hemendik aurrera askoz hobe joango dela dena, kontuan izanik, gainera, ekonomikoki zein egoeratan gauden. Ziurrenik ez da Asobalen ekonomikoki gu bezain ondo dagoen beste talderik.
Presidenterako hautagaia zara, baina lantalde batekin aurkeztu zara. Zer esango zenuke zure hautagaitzaz? Nolako jendeak osatzen du?
Sei gara taldean, eskarmentu handikoak, nondik gatozen eta nora joan nahi dugun garbi dugunak. Seiek eskarmentua dugu, baina baditugu ahultasunak, eta ahultasun horiek betetzeko beste hiru pertsona hartu ditugu, bi arlo indartzeko, kudeaketa batetik, eta batez ere arlo komertziala.
Zure ustez, zertan jarri behar dira indarrak igandetik aurrera, zein da Bidasoaren behar handiena?
Proiektua eta ziklo berria hasita daudela esango nuke, eta horren jarraipena izan beharko luke. Eta bazkideek jakin behar dute ezinezkoa dela proiektuarekin jarraitu zuzendaritza desagertzen bada. Denon artean egin dugun proiektua da, eta buru bat kendu eta beste bat jarriz, horrela jarraitzea ezinezkoa litzateke. Beste proiektu berri bat beharko litzateke eta nik behintzat ez dut ezer entzun proiektu berri batez.
Taldeak zorra du, ez garai batean zeukana, baina badu. Zer egin daiteke klubaren egoera ekonomikoa zuzentzeko?
Ikusita orain hasi dela eskubaloia telebista modu irekian ikusten, aukera gehiago izango dira babesleak lortzeko, eta gure egoera asko hobetzeko. Gauden egoeratik abiatuta, eta aukera gehiago egongo direla kontuan izanik, noski aurrera egingo dugula.
Bihar bazkideek presidente hautatzen bazaituzte, zein izango da hartuko duzun lehen erabakia? Pentsatu al duzu?
[Barre egin du] Segur aski, hilabeteko nominak ordaindu. Gu ja lanean ari gara eta badakigu eguneroko lana zein den, eta lan handia da. Erabaki zoragarririk ez nuke hartuko, lanean segi, ordaindu beharrekoak ordaindu eta hurrengo partidak prestatu urtea bukatu bitarte.
«Dependentzia handiegia dago erakundeekiko, pribatuak behar dira»
Gurutz Aginagalde
Gurutz Aginagalde. Hautagaia
Zergatik erabaki zenuen Bidasoaren presidente izateko hauteskundeetara aurkeztea?
Negu partean bazkide pare bat gerturatu zitzaizkidan, presidentziara aurkezteko aukera hori proposatzeko. Interesgarria iruditu zitzaidan, eta modu eta aitzakia ona zen eskubaloia uzteko, baina eskubaloiari lotuta jarraitzeko. Ilusio handia piztu zidan, eta hilabete askoz lanean ibili naiz hauteskundeak prestatzeko, eta egindako lanaz harro nago.
Presidenterako hautagaia zara, baina lantalde batekin aurkeztu zara. Zer esango zenuke zure hautagaitzaz? Nolako jendeak osatzen du?
Hautagaitza taldeari bereizten gaituena da batez ere lantalde handia osatzen dugula, 11 direktibo eta beste zazpi-zortzi pertsona eguneroko lanean, bakoitza bere arloan espezializatuta. Jende oso prestatuta da, eta nire ustez hori behar du Bidasoak, jende oso prestatuz osaturiko lantalde handi bat, aurrera begira ditugun erronka guztiak aurrera eramateko.
Zure ustez, zertan jarri behar dira indarrak igandetik aurrera, zein da Bidasoaren behar handiena?
Egoera ekonomikoari buelta eman behar zaio, dudarik gabe. Erakundeetatik jasotzen ditugun errekurtsoak gehiegi dira besteekin alderatuta, dependentzia handiegia dago erakundeekiko. Jakinik dependentzia hori gehiago handitzerik ez dagoela, enpresa pribatuetara jo behar da nahitaez, errekurtso pribatuak lortu behar dira. Hazteko aukera bakarra hori da, eta horrek emango du aukera lehen taldea indartzeko, harrobiarekin egiten den lana hobetzeko, eta sozialki lan ona egiteko.
Taldeak zorra du, ez garai batean zeukana, baina badu. Zer egin daiteke klubaren egoera ekonomikoa zuzentzeko?
Segun eta zerekin konparatzen duzun, taldea ondo dago, baina ez. Orain zazpi urte hiltzeko zorian zegoen taldea, ikaragarrizko zorraz desagertzeko zorian. Azken urteetan zor hori jaitsi zuten, baina taldea Asobal Ligan dagoenetik berriro handitu da, eta horrek ito egiten du. Ez da probestu Asobal Ligara igo izana errekurtso pribatuak lortzeko, zorra areagotu egin da.
Bihar bazkideek presidente hautatzen bazaituzte, zein izango da hartuko duzun lehen erabakia? Pentsatu al duzu?
Zalantzarik gabe lehen erabakia izango da beste hautagaitzara jo, beraiei eskua zabaldu, eta saiatu hurrengo egunetik denen Bidasoa bat egitea.