Luzapena behartzeko aukera izan zuten bilbotarrek, baina jaurtiketa libreen marratik huts egin zuten. Laugarren jarri da Ikasbasket.
Ikasbasketeko jokalari altuek zailtasun handiak izan zituzten saski azpitik saskiratzeko
Azken segundora arte ez zen erabaki Express Hondarribia Ikasbasket saskibaloi taldearen larunbateko partida. 65-63 nagusitu zitzaion Deusto Loiola Indautxu taldeari, baina azken hogei segundoetan bilbotarrek bitan izan zuten jaurtiketa libreko marratik luzapena behartzeko aukera. Lau jaurtiketak huts egin zituzten eta, horrenbestez, Ikasbasketek denboraldiko bosgarren garaipena erdietsi zuen, eta Bilboko taldeak lehen porrota jaso. Easo San Martinek galdu zuenez, Lehen Mailako sailkapenean laugarren dago orain Ikasbasket, aurreko hirurek baino garaipen bat gutxiagorekin.
Norgehiagoka osoa parekatua joan zen. Lehen zatian oreka ia erabatekoa izan zen, eta atsedenaldira bi puntu aurretik iritsi zen Bizkaiko taldea (30-32). Bigarren zatian partzial zabalagoak egon ziren baten edo bestearen alde, baina ez gehiegi; abantaila handiena sei puntukoa izan zen Ikasbasketen alde, eta laukoa bizkaitarren aldekoa.
Bilboko taldeak oso ondo zaindu zuen saski azpia, eta hondarribiarrek zailtasunak izan zituzten bertatik saskiratzeko. Hala, jokalari txikiekin saiatu ziren Loiola Indautxuren defentsa puskatzen, kanpoko jaurtiketekin edo barneraketa azkarrekin. Jennifer Zelaietak eta Cristina Gonzalezek sekulako lana egin zuten, 21na puntu lortuta eta, hurrenez hurren, 20 eta 13ko balorazioarekin. Bizkaitarrei dagokienez, Uxue Urrestik 27 puntu sartu zituen —12tik 8, hirukoetan—, 22ko balorazioarekin.
Zortzigarren jardunaldiko partida kanpoan jokatuko du Ikasbasketek, San Ignacio Bilopack taldearen kontra. Sailkapenean hamargarren tokian daude errioxarrak, bi garaipen eta bost porrotekin (
ikusi sailkapena). Orain arte ibilbide hobea izan du Ikasbasketek eta hori berretsi nahiko dute hondarribiarrek hurrengo asteburuko irteeran. Lortuz gero, sailkapenaren goialdean jarraituko lukete beste astebetez.