1.200 Ahobizi baino gehiagok eman dute izena Hondarribian, eta 300etik gora Belarriprest. Ostiralean hasiko da Euskaraldia, 11 egun euskaraz.
Euskaraldia, 11 egun euskaraz proiektua abiatzeko egun gutxi falta direnean, 1.500eko kopurua gainditu dute Hondarribian. Dagoeneko 1.200 baino gehiago dira azaroaren 23tik abenduaren 3ra Ahobizi izateko izena eman dutenak, eta 300etik gora Belarriprest ariko direnak. Azken unera arte eman daiteke izena, bai BAZ bulegoan (astelehenetik ostiralera 09:00etatik 13:30era, eta 16:00etatik 18:00etara), bai
Interneten. BAZ bulegoan eginez gero, 11 egunez jarrita eduki behar den txapa eta Hondarribiko Euskaraldiaren poltsa jasoko duzu trukean.
Azken egunetan asko dira Euskaraldiari atxikimendua adierazten ari zaizkionak. Beheko argazkia igande eguerdian Hondartza kiroldegian hartutakoa da, Il Capo Hondarribiko Lurraldeko Bigarren Mailako eta Euskal Ligako taldeen partiden artean ateratakoa. Hondarribiarrez gain, Orioko eta Aloña Mendiko jokalariek ere bildu nahi izan zuten Euskaraldiari babesa emateko.
Lau taldeetako jokalariek, entrenatzaileek eta laguntzaileek, denek babestu zuten Euskaraldia