Lerroko patinajea eskaintzen hasi dira Hondarribiko Eskola Kirola programan. Eskaintza osatzeaz gain, kirolera neska gehiago hurbiltzea da helburua.
Ilustrazioa: Isabel Mancebo Balda
Lerroko patinaje ikastaroa abiatu zuten joan den ostiral arratsaldean Hondarribiko Soroeta pilotalekuan. Sei eta hamabi urte bitarteko haurrei zuzendutako ekintza da, eta Eskola Kirola programaren barruan kokatzen da. Lehen aldia da lerroko patinajea azaltzen dena Eskola Kiroleko jarduera zerrendaren barruan, eta zeharkako helburu bat du deialdiak: eskola adineko kirol praktikan mutilen eta nesken arteko desoreka arintzea, neska gehiago hurbiltzea kirola praktikatzera.
Garikoitz Astarbe hernaniarrak zuzentzen du ikastaroa. Espainiako Irristaketa Federazioak aitortutako titulua du eta Gipuzkoako beste hiru herrietan urte osoko ikastaroak ematen ditu. Ikastaroaren estreinako saioan oinarrizkoena landu zutela kontatu dio HITZAri. “Oinarrizko posizioa hartzen eta era egokian erortzen ikasi dute haurrek”. Inork ez zuen minik hartu, ezinbestekoa baita, patinez gain, haur bakoitzak etxetik kaskoa eta babesak eramatea, eskukoak, ukondokoak eta belaunetakoak. “Segurtasunez, eraginkortasunez eta era dibertigarri batean ematen da ikasgaia”, gaineratu du Astarbek.
Gaur izango dute bigarren saioa. Hurrengo aste eta hilabeteetan denetarik pixka bat ikasiko dutela azaldu du irakasleak, teknikari aparteko garrantzia eman gabe: “Umeek oinarrizko trebeziak landuko dituzte. Jokoen bidez talde dinamikak eta beraien arteko harremanak landuko dituzte. Ikasiko dituzten gauzen artean: patinak eta babesak egoki jartzen, era egokian erortzen, oinarrizko posizioa, aurrerantz patinatzen, frenatzen, biratzen… Kaleko oztopoei aurre egiteko trebezia ere landuko da”.
Egitasmoa berria da, aurten eskaini dute lehen aldiz, eta ibilbide bat beharko du arrakasta duen ala ez jakiteko. Nolanahi ere, Kalixa Silanes Hondarribiko Udaleko Kirol zinegotzia sinetsita dago ondo aterako dela: “Ohiko kiroletatik pixka bat aldentzen den diziplina da, baina arrakastatsua izan daiteke era berean”.
Argi dago kirol desberdina dela, behintzat Eskola Kiroleko Hondarribiko eskaintza osatzen duten besteekin alderatuz: Futbola, eskubaloia, saskibaloia, errugbia, zesta punta, igeriketa, waterpoloa, atletismoa, gimnastika, judoa, karatea, mahai tenisa, mendia eta piraguismoa. Horien guztien aldean, abantaila batzuk baditu lerroko patinajeak, Astarberen ustez: “Erabili behar den materiala gordetzeko leku gutxi behar da, familiartean praktikatzeko kirola da, edozein tokitan praktikatu daitekeena…”
Fanfo Alza hondarribiarra patinaje zalea da. Ez da lehiatzen, ez da inongo taldeetan aritzen, baina dagoeneko zortzi bider osatu du Behobia-Donostia lasterketa roller modalitatean, “”lehenengoa ez nuen egin, beste guztiak bai”. Alzak argi du, lerroko patinajea Eskola Kirol programako eskaintzan behar du egon: “Kirol konpletoa da, eta gorputzaren psikomotrizitatea lantzeko oso egokia”. Astarbe bat dator Alzarekin: “Egoki irakatsiaz gero, gaitasun fisikoak nabarmen hobetzen ditu. Koordinazioa, elastikotasuna eta oreka hobetzen eta garatzen ditu. Eta gehiegizko pisua eta gizentasuna saihesten laguntzen du, gazteak konturatu gabe eta hainbeste nekatu gabe, korrika eginaz edo bizikletan ibiliaz baino kaloria gehiago erretzen dituzte”.
Generoko oreka helburu
Eskola Kirola barruko lerroko patinajeko oinarrizko ikastaroa antolatzearen lehen helburua eskaintza zabaltzea dela azaldu du Kirol zinegotziak: “Patinaje ikastaroen helburua udalaren eskaintzan beste kirol bat gehitzea dela, gure helburua kirolaren praktika indartzea delako”.
Nolanahi ere, bada atzetik beste xede bat, hots, Eskola Kirolera neska gehiago animatzea. Urriko osoko bilkuran Kirolaren Plan Estrategiko berria onartu zuten, eta plan horrek argi adierazten du nesken datuak hobetu behar direla. Planak jasotzen duen azken datua 2016-2017 ikasturtekoa da: Ikasturte horretan Hondarribiko Eskola Kirolean izena emandako neskak 302 izan ziren, mutilak 1.017. Aldea begi bistakoa da.
Alzaren ustez, lerroko patinajeak lagundu dezake bide horretan: “Askoz mutil gehiago ikusten ditugu kirola praktikatzen, baina patinajean, adin txikikoen artean, gehiago dira neskak. Horregatik ere, eskolan oinarrizko kirola izan beharko lukeela uste dut”. Iritzi berekoa da Silanes: “Mutilentzat eta neskentzat erakargarria den kirola da patinajea, eta mutilek eta neskek batera egin dezaketen kirola”. Eta hori inportantea da, orain arteko eskaintzan parte hartze nabarmena duten kirolen artean bakarra delako neska eta mutilen arteko oreka mantentzen duena: atletismoa. Gainontzeko guztietan mutilak bereizten dira nabarmen.
Berezko ezaugarriengatik, lerroko patinajeak generoen desoreka arintzen lagundu dezakeela uste du Astarbek: “Karga sexistarik gabeko kirola da, gure saioetan eta maila guztietan neskek eta mutilek batera hartzen dute parte”. Halaber, arrakastaren kulturarengandik at dagoen jarduera dela erantsi du, eta filosofia horrek ikastaroan isla izango duela : “Gure saioak ez daude lehiaketan oinarriturik, ez eta indarrean eta esfortzu fisikoan ere eta hori kontuan hartzekoa da. Aurreratzen doazela eta trebezia lortzen ari direla sentiaraztea da gure helburua, hoberenak izan behar dutela sentitu gabe”.