Ion Areitio: "Urterik onena izan da, dudarik gabe"
Txinako Munduko Txapelketatik itzuli berria, etxera bisita egin diogu Ion Areitiori, eta denboraldiaren balantzea egiteko eskatu.
Uztailean Europako txapeldun lehen aldiz, eta joan den asteburuan Chengduko Munduko Txapelketan taldekako urrea eta banakako zilarra. Elite Mailan dagoenetik ez du aurretik horrelako emaitzarik lortu Ion Areitiok. Txinatik itzuli berria, etxera bisita egin diogu, eta denboraldiaren balantzea egiteko eskatu. Oso gustura dago, bai fisikoki, bai buru aldetik eman duen errendimenduarekin.
Zer suposatzen du zuretzat Munduko Txapelketako zilar honek?
Maila gorenean nagoenetik niretzat urterik onena izan da, dudarik gabe, Europako Txapelketa irabazi eta Munduko Txapelketan banaka zilarra lortu eta gero. Bereziki zilarrak, berriz ere nire burua aurrean ikustea suposatu du, onenekin lehiatzeko gai naizela, eta niretzat oso garrantzitsua dena, nire buruari erakustea irabazteko gai naizela. Eta hori alde batera utzita, beste zilar bat da, beste domina bat lortzea, oso-oso ona izan da emaitza.
Finalean bost oztopo ziren. Laugarrena eta gero laugarren tokian zinen, podiotik kanpora. Azken oztopoan lortu zenuen zilarra. Buruak zer esanik izan al zuen azken emaitzan?
Burua oso garrantzitsua izan da. Nik aurten garrantzia handia eman diot buruari. Aurreko urte bukaeran planteatu nuen laguntza psikologikoa behar nuela, eta ikusi dut fisikoa eta teknikoa lantzen den bezala, burua ere lantzeko aukera badela. Eta aurtengo proba garrantzitsuenetan, bai Europako Txapelketan, baita Mundukoan, ikusi dut lan horrek bere fruitua eman duela.
Esan duzun bezala, Munduko Txapelketako finalean azken postuetan nenbilen laugarren zonara bitarte, eta gai izan nintzen egoerari buelta eman, eta azken zonan laugarrenetik lehenengoraino gainditzeko, eta gero azkenean bigarren geratzeko. Bai, burua oso garrantzitsua izan da zilarra lortzeko.
Denboraldia oso luzea da, oso zaila da denean fin ibili, gutxiago profesionala ez bazara. Munduko Kopan egun batean huts egin zenuen eta podiotik kanpora utzi zaitu horrek. Baina Europako eta Munduko txapelketetan bikain aritu zara. Aldez aurretik erabakitzen al dituzu helburuak?
Bai. Orain, adibidez, 2019 denboraldia planteatzeko orduan nire helburuak jartzen ditut, eta entrenamenduak horretara zuzenduak doaz. Denboraldi osoan maila mantentzea Europako Txapelketan egon naizen bezala edo orain mundialean egon naizen bezala, praktikoki ia ezinezkoa da. Orduan bakoitzak aukeratzen du non nahi duen ondoen egon, eta nik argi nuen Europako txapelketa puntu bat zela, eta Mundukoa beste bat. Dena egun batean jokatzen duzu, eta aste horretan puntu-puntuan egon behar duzu. Munduko Kopak ere garrantzitsuak dira, baina lau direnez aukera duzu, batzuetan ondo egonez gero eta besteetan ez horrenbeste, sailkapen orokorrean hor tartean ibiltzeko.
Baina bai, helburu bezala Europako Txapelketa nuen, gero errendimendua pixka bat jaitsi, berriz ere gora etorri Mundialari begira topera egoteko.
Munduko Txapelketarekin bukatzen da bike trialeko denboraldia, baina dagoeneko hasi zara datorren urterako planak egiten. Clean Trials taldearekin jarraituko al duzu?
Bai, oso gustura nago eta beraiek ere nirekin dirudienez oso gustura dabiltza. Aurreko urteko motibazio berberarekin jarraituko dut, ez dut motibazio hori galdu, gainean daramat.