Herenegun hil zen, 93 urterekin. Otzazki galeriako bazkide sortzailea zen, eta duela urte batzuk Ohorezko Bazkidea izendatu zuten.
Hileko hirugarren igandea izanik, Garabateando arte tailerra egingo dute etzi Hondarribian. Aldiro hiriko gune batean elkartzen dira eta oraingoan San Pedro kalean jarri dute hitzordua, 11:00etan. 13:00ak arte ariko dira zirriborratzen. Tailer irekia da Garabateando, artista amateurrei zuzendutakoa, edozein dela bakoitzaren maila.
Araurik handirik gabeko tailerra da, dohainekoa. Artista bakoitzak bere tresnak eraman behar ditu: koadernoa, margoak edo arkatzak… Zer margotu ere norbera erabakitzen du, elkar ezagutzea eta elkarrekin praktikatzea delako Garabateando tailerraren asmoa.
Dagoeneko 18. ekitaldia beteko du igande honetan, eta berezia izango da, bi arrazoiengatik. Batetik, asteazkenean hil zen Conchita Laca zeramista eta akuarelista omenduko dutelako. Eta bestetik, tailerra bukatuta, Arma Plazan dagoen
Ondarea Bihotzetik. Enrike Lekuonaren landa koadernoak erakusketa bisitatuko dutelako.
Zeramista bikaina
Ceramicas del Bidasoa lantegian diseinatzailea zen
Conchita Laca Ugaldebere omenduko dute igandean Garabateandon. Berrizen jaio zen Laca, eta Madrilen ikasi zuen zeramika. Baina Irunen egin zuen lan, Ceramicas del Bidasoa lantegian diseinatzaile bezala. Bere lanetako batzuk Bilboko Euskal Museoaren bilduma iraunkorrean ikusi daitezke. Irakaslea ere izan zen Laca, zeramikakoa nahiz akuarelakoa, besteak beste Donostiako Katalin Erauso Arte Elkartean.
Akuarelista gisa, hainbatetan erakutsi izan du Irunen eta Hondarribian. Otzazki arte galeriako bazkide sortzailea izan zen, eta bertan lan handia egindakoa da. Duela urte gutxi familiarekin Markinara bizitzera joan behar izan zenean, Ohorezko Bazkide izendatu zuten Otzazkin.