Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Egunaren bezperarako ekintza ikusgarria prestatzen ari dira Hondarribian.
Edozeinek har dezake parte, banaka ala taldeka 22 zentimetro zabalerako zati bat osatuz
Hilaren 24an bufanda erraldoi bat jarriko diote Hondarribiko Kasino Zaharrari. Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Egunaren bezperan, modu horretara erakutsiko dute hondarribiarrek indarkeria matxistarekin nazkatuta daudela.
Munduko hainbat lekuetan egingo den Mataza Solidarioak ekimenarekin bat eginez, xingola erraldoia osatuko dute hilaren 24an Hondarribiko Kasino Zaharreko lorategietan. Herritarrak josten edo sortzen ari diren matazak elkartuko dituzte larunbat horretan, 10:00etatik aurrera. Zati guztiekin xingola erraldoia osatuko dute eta Kasino Zaharra inguratzen saiatuko dira. Ondoren, 12:00etan, kartelada egingo dute.
Mataza Solidarioak herritar ekimena da eta edozeinek har dezake parte, banaka edo taldeka bufanda zati bat josiz (artilez) edo osatuz (telarekin). 22 zentimetroko zabalera eta nahi den luzerako zatiak izan behar dute, edozein kolorekoak. Hori bai, bi aldeetan hari edo soka solte batzuk eduki behar ditu, beste matazekin lotzeko.