Visesak eraikiko ditu etxebizitzak eta Hondarribiko Udalak, lur zoruak eskaintzeaz gain, 864.000 euro jarriko ditu proiektua burutzeko.
Udaletxeko areto nagusian burutu zuten sinadura ekitaldia
Hondarribiko Presa I eta Presa II lurzoruetan 118 etxebizitza publiko eraikitzeko hitzarmena sinatu zuten atzo Hondarribiko Udalak eta Visesak, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko sozietate publikoak. Udaletxeko areto nagusian sinatu zuten agiria, eta, Hondarribiko alkate Txomin Sagarzazurekin batera, Visesako zuzendari nagusi Carlos Quindos eta Etxebizitza sailburu Pedro Jauregi izan ziren.
Hitzarmena udaran adostu zuten udal gobernu taldeak eta Visesak, eta uztailaren 26ko ezohiko plenoan onartu zuten, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, Abotsanitzen abstentzioarekin eta EH Bilduren ezezkoarekin. Presa I promozioan, babes ofizialeko 84 etxebizitza eraikiko dira, horietako 42 alokairukoak. Presa IIn, aldiz, babestutako beste 34 etxebizitza egingo dituzte, denak alokairukoak. Presa II promozioko etxebizitzen kopuru bat, oraindik zehaztu ez dutena, 35 urtetik beherako gazteentzat izango da.
Visesak eraikiko ditu etxebizitzak eta Hondarribiko Udalak, lur zoruak eskaintzeaz gain, 864.000 euro jarriko ditu proiektua burutzeko: Presa Ieko bizitza bakoitzeko 6.000 euro eta Presa II etxebizitza multzoko bizileku bakoitzeko 18.000 euro.
Etxebizitzekin batera, Visesak Presa I orubeko lur azpian bi pisuko eta 3.530 metro koadroko aparkalekua eraikiko du. Udalaren esku geratuko da aparkalekua ekipatzeko eta kudeatzeko ardura. Bizilagunenez aparte, beste 230 leku inguru izango ditu aparkaleku horrek; 180tik gora errotaziokoak lirateke, eta beste 40 pasatxo salmentazkoak.
Hitzarmenean zehazten denez, “etxebizitzak eskuratzeko Hondarribian gutxienez urtebetez erroldatuta izan beharko da etenik gabe, edo azken 10 urtetan 5 urtez etenak eginez”.