Ikasbasket lehen aldiz ari da kadeteen Euskal Liga jokatzen. Lehen itzuliko azken partidan liderrari irabazi diote bere etxean.
Nora Mekoleta izan zen partidako onena. Argazkian, ligako bigarren partidan
Saskibaloiko nesken Kadete Mailako Hondarribia Ikasbasket taldeak garaipen handia lortu zuen larunbat arratsaldean Donostiako Bidebieta kiroldegian. Ordura arte lider zen Easo Menditxuri irabazi zion bere etxean (59-65), eta Euskal Ligako lehen postua kendu dio.
Partida harrigarria egin zuten hondarribiarrek, donostiarren defentsa indartsua behin eta berriz zulatuz. Datu bat: aurreko sei partidetan 53 puntu zen Easo Menditxuk kontra jasotako puntuazio handiena. Ikasbasketek 12 gehiago sartu zizkion, 65 guztira. Azken minutuetan donostiarrek markagailua txukundu zuten, baina hiru minuturen faltan 12 puntuz aurretik ziren berdeak.
Talde osoa bikain aritu zen arren, Nora Mekoleta nabarmendu zen, 23 punturekin; Iraia Rodrigok 15 sartu zituen.
Estreinakoz Euskal Ligan
Lehen aldiz ari da kadeteen Euskal Liga jokatzen Ikasbasket, eta lehen faseko lehen itzulia lidergoan bukatu du. Zazpi partidatik sei irabazi ditu, eta bat galdu, puntu bakarragatik. Gainera, lehen itzulian puntu gehien sartu dituen taldea da hondarribiarra (
ikusi sailkapena).
Ikusteko dago bigarren itzulian erritmoari eusten dioten —larunbatean zortzi jokalarik bakarrik jokatu zuten, eta hiruk 36 minututik gora—, baina momentuz, talde honek ez du mugarik. Bejondeiela!