Gaurko sailkatze proban aurrera egin du hondarribiarrak. Bihar jokatuko da finala, Euskal Herriko goizaldeko hirurak eta erdietan.
Bike-Trialeko Munduko Txapelketan izango da Ion Areitio pilotu hondarribiarra.
Asteazkenean taldekako urrea lortu eta gero, gaur hasi du banakako lehia. Finalerdian aurrera egin du, laugarren postuan, hirugarrenaren puntu kopuru berberarekin.
Thomas Pechhacker austriarra eta Dominik Owwald alemaniarra izan dira finalerdian onenak, hain zuzen ere, aurten
Areitiok irabazitako Europako Txapelketan berarekin podiora igo ziren bi kirolariak. Samuel Hlavaty eslovakiarra sailkatu da hirugarren finalerdian. Areitioren atzetik, Eloi Palau katalana eta Lucien Leiser suitzarra sailkatu dira final handirako.
Bihar jokatuko da finala, Euskal Herriko 07:30ean —Txinan, 15:30ean—. Bigarrenez jarraian Chengdun (Txina) egiten ari da bike trialeko mundukoa, Hiri-Txirrindularitzako Munduko Txapelketaren barruan. Iaz brontzea lortu zuen Ion Areitiok, 2016an Val di Solen lortutako emaitza berdinduz. Zaila izango da berriro dominen saltsan sartzea, baina behintzat lehen urratsa eman du. Aurten ere, Munduko Txapelketako finala jokatuko du hondarribiarrak.
Areitio, asteazkeneko taldekako proban (argazkia: Leo Zhukov / UCI_Trials)