Irungo Hiritik At kooperatibak eta San Migel auzo elkarteak parte hartze prozesu bat martxan jarri dute auzoan, 2025erako plana osatzeko. Lehen bilera eginda "balorazio positiboa" egin dute.
San Migel auzorako 2025 plana erabakitzeko bilera egin dute.
Erabakitzearen gaiak egunkariak irekitzen ditu azken denboraldian, baina erabakitzea ez da nazio eremura mugatzen, eta herritarren ahalduntzea espazio txikiagoetan ere eman daiteke, auzoetan, esate baterako. Orain, Irungo San Migel auzoko bizilagunei aukera sortu zaie euren auzoan zer egin nahi duten erabakitzeko eta hori aurrera atera dadin lan egiteko.
San Miguel auzo elkarteak Hiritik At kooperatibarekin elkarlanean proiektu bat martxan jarri du, Nolakoa izatea nahi dugu San Migel auzoa 2025ean? izenekoa. Proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagunduta dago. Hori garatzeko, berriz, Hiritik At-en aholkularitza eta laguntza izango du auzo elkarteak.
Bota duten galdera horri San Migel auzoko bizilagun guztiek erantzutea nahi dute, «ahalik eta modu eraginkor, zabal eta zehatzean», adierazi du Maria Jose Barral auzo elkarteko presidenteak. Bizilagunei eman nahi diete hitza eta erabakitzeko ardura:?«Auzoan bizi eta auzoari bizitza ematen diogun bizilagunentzako auzoa egin nahi dugu».
Ibai Esteibarlanda Hiritik At-eko ordezkariak azaldu duenez, Irungo kooperatiba diren neurrian, tekniko eta profesional bezala euren arduratzat jotzen dute hiria hobetzeko lan egitea. Zentzu horretan, San Migel auzo elkartearekin harremana sortu zen, eta erabaki zuten Gipuzkoako Foru Aldundian proiektu bat aurkeztea, auzoak aztertu eta horiei begirako planak egiteko.
Hiritik At-ek maila teknikoan parte hartuko du proiektuan, «metodologia bat erabiliko dugu adostasunetara, analisi eta proposamenetara iristeko», zehaztu du Esteibarlandak. Behin eduki hori eskuan dutela, plana erredaktatuko dute: «Bere txikitasunean erreminta egokia dela uste dugu auzo elkarteak eta bizilagunek lan egin eta erabil ahal izateko».
Proiektua hainbat fasetan garatuko dute. Lehenengoa talde eragile bat osatzea izan da. Bigarrena, berriz, martxan jarri da dagoeneko, bizilagunekin bilerak eginez. Azkenik, proposatutako ideiekin 2025eko auzo plana osatuko dute, eta hori auzoari aurkeztu.
Bizilagunek parte har dezaten bi bilera ireki antolatu dituzte, eta lehenengoa, hain zuzen, asteartean egin zuten. Hurrengoa, hilaren 20an (asteartea) izango da San Vicente de Paul ikastetxean, 19:00etan.
40 lagun lehen saioan
Lehenengo bilerara 40tik gora lagun hurbildu ziren, gehienak helduak. Hasteko, auzoaren diagnostiko txiki bat aurkeztu zieten Hiritik At-eko ordezkariek, datu kuantitatibo eta kualitatiboak emanez. Gero, taldeka banatu zituzten, eta hainbat galderei erantzuna ematen aritu ziren: Zein arazo ikusten dituzu auzoan?, Zein proiektu daude jada auzoan?, Zein proiektu beharko lituzkeela uste duzu auzoak?
Hiritik At-ek bileraren balorazio positiboa egin du. «Batik bat zeuden arazoak azalarazi zituzten bizilagunek. Ideia berriak sustatzen saiatu ginen, eta azkenean atera ziren horiek ere», esan du Esteibarlandak. Horrez gain, auzotarrei proiektuaren zioaren berri eman zietela gaineratu du: «Olentzerori karta ez dela azaldu zitzaien, baizik eta bidea auzoak jarraitu beharko duela».
Orain, Hiritik At-ek ideia horiek guztiak ordenatu beharko ditu, eta hurrengo bilerara begira, lehentasunak ezarri.
Bost arlo
Prozesu honetan guztian bost arlo landuko dituzte: hirugarren adina, tokiko ekonomia, genero ikuspegia, kulturartekotasuna eta hirigintza. «Piramide demografikoa buruz behera jartzen ari da eta datozen urteetan areagotuko da», azaldu du Esteibarlandak. Horregatik garrantzitsutzat jo dute helduen gaiari heltzea, gainera, auzoan gehienak helduak direla kontuan izanda. Kulturartekotasuna ere ageriko gaia da bertan: Hiritik At-eko kidearen arabera, Irungo auzo askotan bezala, eta San Migelen bereziki, jatorri askotako pertsonak daude, «horrek dakarren aberastasun, nahasketa eta konplexutasunarekin». Hori «arazo edo aukera gisa» ikus daitekeela gaineratu du. Hirigintzari dagokionez, San Migelerako udalak duen makroproiektutik aparte, eginda dauden gauzak hobetu daitezkeela uste dute sustatzaileek, eta espazio hutsak eta degradatutakoak beste modu batera antolatu: «Hirigintza arlo garrantzitsu bat dela uste dugu, mugikortasuna, integrazioa eta aurretik aipatutako arloak ere lantzeko». Genero ikuspegia transbertsala denez, gainontzeko arloetan eragina izango duelako hautatu dute. Eta azkenik, tokiko ekonomia lantzea ere beharrezkotzat jo dute, hori gabe auzoek ez dutelako bizitzarik: «Aberastasuna eta ekonomia ehuna baduen auzoa dela uste dugu, baina beste auzoetan gertatzen den bezala, pixkanaka galduz doa».
Esteibarlandak jakinarazi duenez, San Migelgo prozesua baliatuz, metodologiaren memoria bat osatuko dute beste toki batzuetan ere erabili ahal izateko.