Begoña Zuñiga: “Gero eta emakume gehiago ari dira korrika; ederra da hori”
Begoña Zuñiga irundarra Behobia-Donostia irabazi zuen lehen emakumea izan zen. 1979an izan zen garaile. Lasterketa emozioz bizi du egun.
Bidasoko Hitza
Inaxio Esnaola / Irutxuloko Hitza
Aitzindaria da Begoña Zuñiga (Abartzuza, Nafarroa, 1951). Behobia-Donostia irabazi zuen lehen emakumea da irundarra. Egun parte hartu ezin badu ere modu berezian bizi du lasterketa. Aurten, are gehiago.
Nola biziko duzu 54. Behobia-Donostia lasterketa?
Urtero oso gaizki pasatzen dut. Oilo ipurdia jartzen zait eta inbidia ikaragarria ematen didate parte hartzaileek. Aurtengoa, ordea, berezia izango da. Jon nire semeak parte hartuko du lehen aldiz. Gaintxurizketan egoten saiatuko naiz. Ilusio ikaragarria egingo dit semea Gaintxurizketan korrika ikusteak.
Nolatan ausartu da parte hartzera?
Ba pentsa, inguruan lagunak dituelako. Irungo Azken Portu kiroldegiko gimnasioan ibiltzen da, eta han elkartzen direnek korrika egiten hastea erabaki zuten. Entrenamendu batzuk eginda ondo ikusi zuen bere burua eta Behobia-Donostian parte hartzea erabaki zuen. Nik lorturiko denboretara iristea kostako zaio, asko entrenatu behar delako.
Aholku berezirik eman diozu?
Entrenamenduez hitz egin dut berarekin. Aurreko batean oinez nindoala albotik pasa zen korrika eta martxa onean ikusi nuen. Ez da egunero entrenatzen ibiltzen denetakoa. Nik esan diot helburu nagusia helmugara iristea dela, eta denbora ona egiteko aukera badu, saiatzeko. Bukaera bitarte sufritu beharko du.
Semeek zure korrikalari garaia ezagutu dute?
Bai noski. Gainera askotan galdetu izan didate ni korrikalaria izanik nolatan ez diren lehenago Behobia-Donostian atera. Aste honetan 41 urte bete dituzte Jonek eta Ivanek. Bikiak izan nituen, eta badu bere anekdota. Azaroan jaio ziren eta hurrengo ekainean Espainiako Maratoi Erdiko txapelketa irabazi nuen. Txikiak zirela nirekin ibiltzen ziren batera eta bestera, eta podiumera igotzen nituen.
Zein iritzi dute zure semeek bere amaz?
Oso harro daudela esango nuke. Jende askok esaten die beraien ama oso ona izan zela atletismoan. Hori gustuko dut nahiz eta ez naizen ibiltzen nire lorpenak lau haizetara zabaltzen. Errekonozimendua izatea gustuko dut. Egia esan, atletismoari asko zor diot. Herrialde asko bisitatu ditut eta jende asko ezagutu.
1979an irabazi zenuen Behobia-Donostia. Lehen emakumea izan zinen helmugan. Gogoan duzu lasterketa?
Ez naiz asko gogoratzen, egia esan. Nik banekien irabazi nezakeela oso ondo nenbilelako prestaketa aldetik. Sentsazio oso onak nituen urte hartan, eta helmugan onena izatea lortu nuen. Egia da ere beste batzuetan sentitu dudala ez nintzela irabazteko gai izango. Maria Luisa Irizarrek parte hartzen zuenean banekien ez nuela irabaziko.
Zenbat emakumek parte hartu zenuten emakumeen lehen lasterketan?
Hamar baino gutxiago izan ginela esango nuke.
Hiru bider irabazi duzu proba. Zein da bereziena?
Lehenengoa, aitzindaria izan nintzelako. Ikaragarria izan zen. Halere, gogoan dut lorpenez gain asko kritikatu nindutela emakume lasterkaria izateagatik. Emakumea izateagatik etxean geratu behar nintzela pentsatzen zutenak zeuden. Gure etxean, ordea, gurasoen babesa nuen. Aita nire jarraitzailerik sutsuena zen. Gaintxurizketara joaten zen ni ikustera, eta gero Behobiara trago batzuk hartzera joaten zen. Bertan zegoela irrati bidez izan zuen nire garaipenen berri, eta asko poztu zen.
Beraz, kritikak jaso zenituen lasterketan parte hartzeagatik?
Horrela da. Bestalde, nire lorpenei meritua kendu dietenak ere badaude. Behobia-Donostia lasterketa arrunt bat balitz bezala. Baina proba bera ez da aldatu. Are gehiago, egun laburragoa da eta ibilbidea lauagoa. Gainera, gure garaian erabiltzen genuen materiala ezin da egungoarekin alderatu. Beraz, batzuek horren erraz hitz egiten dutenean besteon lorpenez, ea beraiek gaitasuna duten hobetzeko.
Zure denborarik onena ez da irabazle gisara, ezta?
Ba ez, bigarren geratu nintzen urte batean egin nuen nire denborarik onena. Ordubete eta hamasei minutu inguruko marka lortu nuen. Gogoan dut egun hartan errekor guztiak hautsi ziren. Eguraldi oso txarra egin zuen, euri asko. Horrekin batera, Behobiako hainbat auzotarrek protesta egin zuten proba hasi aurretik. Lehen irteera inguru horretan ez zegoen semafororik eta ez behar bat gertatu zuten. Semaforoa jar zezaten eskatzeko hiru aldiz gelditu zuten proba irteeran auzotarrek. Azkenean, utzi ziguten ateratzen eta sekulako abian atera ginen. Irizarrek bere errekorra ezarri zuen, eta ni bigarren geratu nintzen.
Aurten Kathrine Switzer lasterkari erreferentea Behobia-Donostian izango da ikusle gisara. Zein iritzi duzu bere lorpenaz?
Ikaragarria eta eredugarria da. Niri ere antzekoa gertatu ahal izan zitzaidan 79an, baina zorionez, parte hartzeko aukera izan nuen, antolakuntzaren trabarik gabe.
‘50/50/25’ egitasmoaren inguruan zein iritzi duzu?
Horrelako saiakerak oso lagungarriak dira. Nire inguruan gero eta emakume gehiago aritzen dira korrika. Ederra da hori. Egia da kopuru aldetik gizonezkoen parera iristea oso zaila dela. Izan ere, zailtasun gehiago ditugu behar bezala entrenatu eta prestatzeko. Seme-alabak izatean ere denbora lortzea ez da batere erraza. Zorionez, ordea, gero eta gehiago dira urtero parte hartzen duten emakumeak.
Duela bi urte adierazi zenuen ez zenuela baztertzen berriz ere Behobia Donostian parte hartzea?
Duela hamar bat urte korrika egiteari utzi behar izan nion belauneko arazoengatik. Baina gustatuko litzaidake beste erritmo batean parte hartzea proban; akaso, datorren urtean. Helburua helmugara iristea litzateke, eta ez bere garaian ibiltzen nintzen bezala. Betidanik irabaztea gustatu izan zait lasterketetan, baina orain parte hartuko banu, bukatzeko eta ondo pasatzeko egingo nuke. Nire semeekin ateratzea ere asko gustatuko litzaidake.
Lasterketa egunerako zein gomendio emango zenieke parte hartzaileei?
Irteera ematen dutenean lasai ateratzea da egokiena. Ziztu batean ateratzen bazara ordaindu dezakezu. Ezin duzu jakin nora arte iritsiko zaren. Gaintxurizketara iristea da garrantzitsua. Hara iristean ondo bazaude, ondo bukatuko duzu, baina gaizki bazoaz asko sufrituko duzu. Jendeak lehenik lasterketa ezagutu behar du. Indarrak neurtzeko garrantzitsua da. Oso ona den jendeak huts egiten du. Beraz, kontuz ibili behar da eta pazientziarekin.
Azken berriak
Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.