Irungo EAJk azaroaren 18ko herri galdeketari babesa eman dio, eta larunbat honetan Hartu Hitza Irunek egingo duen agerraldian parte hartuko duela iragarri du.
Urriaren 27an Hartu Hitza Irunek egin zuen manifestazioa. Herritarren zutabeak Luis Marianon elkartu ziren.
Irungo EAJk azaroaren 18ko herri galdeketari babesa eman dio, eta herritarrak “demokrazian sakontzeko ariketa” izango den horretan parte hartzera gonbidatu ditu. “Printzipio demokratikoan oinarrituta, irundarrek Euskal Herriaren etorkizuna erabakitzeko eskubidea dute”, adierazi du. Hain zuzen, larunbat honetan Hartu Hitza Irunek Irungo kargu eta hautetsiekin egingo duen agerraldian parte hartuko duela iragarri du.
Euskal Herriak “etorkizunaz erabakitzeko, kontsultatua izateko eta herritarrek libre eta demokratikoki adierazten duten borondatea errespetatua izateko eskubidea eta gaitasuna” duela gaineratu du EAJk.
Herri galdeketa “gizarte osoarentzat” dela onuragarria esan dute jeltzaleek, “demokrazia indartzen duelako eta desberdinen arteko elkarbizitzan aurrerapausoa dakarrelako”.
Azkenik, azken hilabeteetan herri galdeketa prestatzen aritu diren Hartu Hitza Irunek eta boluntarioek egindako lana txalotu eta eskertu du.