Hilaren 9ra arte eman ahal izango da izena Beldur Barik ikus-entzunezko sormen lehiaketan.
Beldur Barik lehiaketaren aurkezpena
Beldur Barik ikus-entzunezko sormen lehiaketan izena emateko epea zabaldu dute, eta hilaren 9ra arte egin ahal izango da. Programa hori 12-26 urteko nerabe eta gazteei zuzenduta dago, eta gazteen artean genero indarkeria prebenitzea du xede.
Bideo horretan, desberdintasun eta indarkeria sexista egoerei egunerokotasunean nola erantzuten dieten azaldu beharko dute, Sergio Corchon Gizarte Ongizate zinegotziak azaldu duenez. Monica Martinez Gazteria eta Hezkuntza ordezkariaren esanetan, programa horri esker, errespetua eta berdintasuna bezalako baloreak sustatu nahi dituzte. Horrez gain, kalitatearen gainetik, mezua baloratuko dutela gaineratu du, “nesken ahalduntzea, konpromisoa edo mutilek indarkeria matxistarekin bukatzeko duten ardura”.
Bi kategoria izango dira, 12-17 eta 18-26 urtekoak. Lehiaketaren oinarriak
irun.org webgunean daude. 300 euroko saria banatuko dute kategoria bakoitzean.
Ondoren, film labur guztiak Amaia KZn eskainiko dituzte hilaren 25ean.
Beldur Barik tailerrak
Ikastetxeen izen-emate epea bukatuta, 377 gora nerabek parte hartuko dute Beldur Barik tailerretan, zehazki, DBH2koak. Bigarrenez egingo dituzte tailer horiek honako ikastetxe hauetan, Eguzkitza, Toki-Alai, El Pilar, Hirubide eta San Vicente Paul.
Indarkeria matxista egoerak ikusaraztea eta identifikatzea da tailer horien helburua.