Iñaki Emaldiren hautagaitzak hauteskundeetarako data bat proposatu izana gezurtatu du.
Iñaki Emaldi (ezkerrean) Jose Angel Sodupe egungo presidentearekin batera eskainitako prentsaurreko batean.
Hauteskundeen dataren aukeraketak CD Bidasoako presidentetzarako aurkeztu diren bi hautagaitzen artean eztabaida sortu du, eta Iñaki Emaldiren hautagaitzak Gurutz Aginagalderenak esandakoak gezurtatu ditu.
Azaroaren 24ean egitekoak dira hauteskundeak.
Aginagalderen hautagaitzak abenduan izatea nahiago zuen, 19, 22, 8 edo 5ean, hurrenez hurren. Alabaina, egungo presidente Jose Angel Sodupek egungo data erabaki zuen, Emaldiren babesarekin, Aginagalderen hautagaitzaren arabera.
Emaldiren hautagaitzak, ordea, ez duela inoiz ere datarik proposatu adierazi du. Hautagaitza horren arabera, egungo presidenteak bi premisa jarri zituen mahai gainean hauteskundeen data aukeratzeko: bata, ahalik eta bazkideen partaidetza handiena, eta, bestea, urtarrilaren 1ean hautagaitza irabazleak klubaren ardura hartua izatea.
Hauteskundeak abendurako utziko balituzkete, bi premisak ez liratekeela beteko arrazoitu du Emaldiren hautagaitzak, eta Aginagalderen hautagaitzak bere data defendatzeko arrazoi objektiborik ez zuela eman esan du, “arrazoi pertsonalak” bakarrik.
Bestalde, harrobia lehentasun gisa jo du egungo presidenteordearen hautagaitzak, eta gezurtatu egin du harrobiaren ekarpenak lehen taldea finantzatzeko erabiltzen direnik. Arlo ekonomikoan, kluba “azken urteetako egoerarik onenean” dagoela esan du, eta ildo horretatik, beste hautagaitzak egindako salaketak “guztiz faltsuak” direla adierazi du: “Kirol arloan, arlo sozialean nahiz ekonomikoan, egoera desiragarri batean aurkitzen da kluba”.