Harrera Sarea zuhur agertu da, eta erabakiak eskaera nagusiak estaltzen dituen arren, praktikan zertan geratzen den argitzeke dagoela esan du.
Martindozenea
Atzotik aurrera, egunez ere irekita dago Martindozenea aterpetxea, eta horrenbestez, egunez ere bertan egoteko aukera izango dute Irunen diren migratzaileek. Erabaki hori hartu dute Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politika Sailak eta Gurutze Gorriak, eta, orain, 24 orduz irekita egotea nola aurrera eramango duten erabaki beharko du Erakundeen Mahaiak.
Harrera Sarearen arabera, bere eskaera nagusiak estaltzen ditu erabaki honek, baina, edonola ere, “praktikan zertan geratzen den zain” daudela adierazi du Ion Aranguren Harrera Sareko kideak. Gainera, astelehenera arte, arreta egunez eta gauez mantentzeko langile nahikoa ez dutela izango aurreratu dietela esan du Arangurenek.
Horrez gain, Martindozeneara sartzeko malgutasunaren nondik norakoak ere zehazteke daudela gogorarazi du Arangurenek, hainbat baldintza bete behar baitira hara sartu ahal izateko: Espainiako Estatutuan 30 egun baino gehiago daramatenek ezin dute sartu, Poliziaren kanporatze agindua eskatzen zaie, eta, gehienez, bost egunez egon daitezke aterpetxean. Orain, Martindozenean sartzeko baldintzak betetzen ez badituzte beste bost egunez gera daitezke Ospitale Zaharrean.
Gainera, Harrera Sareak oraindik erakundeek migratzaileei eskaintzen ez dieten hainbat zerbitzu ematen jarraitzen duela jakinarazi du Arangurenek: familiengandik dirua jasotzeko beharrezko informazio eta dokumentazioa, Frantziatik kanporatzen dituztenean Irunen dituzten baliabideen gaineko informazioa…
Halaber, aspalditik egiten ari diren eskaeretako baten gainean, emakumeentzako arreta berezia, ez dutela berririk jaso kritikatu du Arangurenek.
Asilo eskaerekin ere zailtasunak daude, Harrera Sareko kidearen arabera. Izan ere, Oñatiko egoitzara joan ahal izateko bat edo bi hilabete itxaron behar izaten dutela azaldu du, eta bitartean ea non jasoko dituzten galdetu du. Oñatiko egoitzan ere egun prestatuta dauden 40-50 plazak (nahiz eta 100 lagunentzako tokia izan), beteta daudela adierazi du, eta hiruzpalau hilabete behar izaten dituztela han, gero, CEARen programetan sartzeko.