EH Bildu Udal Hauteskundeei begira jarri da, eta "aldaketaren momentua" dela iritzi dio.
Jose Diez, Jokin Melida eta Dani Berasategi EH Bilduko udal ordezkariak.
EH Bildu Udal Hauteskundeei begira jarri da, eta “aldaketaren momentua” dela iritzi dio. Testuinguru horretan “herri proiektu berri bat” egiteko garaia dela, eta koalizioarekin batera herritarrek “parte hartzaile aktibo” izan behar dutela adierazi du.
Gaur goizean agerraldia egin dute Jokin Melida, Jose Diez eta Dani Berasategi EH Bilduko zinegotziek, euren San Juan plazako egoitzan.
Melidaren arabera, momentu garrantzitsua da honakoa, eta azken hilabeteetan udalean izan diren mugimenduak gogorarazi ditu. Batetik, EAJ eta PSE-EEren arteko gobernu haustura “interesen baitako aliantza bat izan zela agerian utziz”. Bestetik, PSE-EE eta Jose Antonio Santano alkatearen hiri proiektua agortuta dagoela iritzi dio EH Bilduk, eta “ilusio falta” sumatzen dela, “bakarrik kudeaketa administratibora mugatzen da”. Azkenik, udal gobernuak “adostasunetara iristeko duen gaitasun eza” nabarmendu du EH Bilduk, eta hori agerian gertatu dela kreditu aldaketekin.
Zentzu horretan, EH Bilduk herri proiektu baten alde egin du, eta hori hiriko eragileekin eta auzotarrekin osatuko duela azaldu du; besteak beste, hauteskunde zerrenda, “datorren legegintzaldian EH Bildu ordezkatuko duen taldea guztion artean erabakiko dugu”. Horrenbestez, ikusteko dago egungo zinegotziek jarraituko duten ala ez.
“Gure proiektuan ez du tokirik gure kaleei nortasuna ebatsi nahi dion garapen irrazionalak”, adierazi dute zinegotziek. Hala nola, herritarren kontsentsurik ez duten megaproiektuak alboratu ditu. Herritarren eta erakundeen arteko harresia ere haustea beharrezkotzat jo du EH Bilduk.
Hauteskunde aurreko lehen faseari ekingo dio orain koalizioak. Horrela, hainbat bilera ireki egingo dituzte datozen asteetan. Lehenengoa azaroaren 15ean egingo dute.