Etzi izango da, Lakaxita gaztetxean, 11:00etan. Sarearen arabera, beharrezkoa da afrikar etorkinekin elkartasun sareak ehuntzea, eta topaketa ildo horretatik joango da.
Elkarlanean ari dira Harrera Sareko kideak eta migranteak Lakaxitako gunea desmuntatzen.
Amankomunak sareak batzar irekia antolatu du, datorren otsailean Lakaxita gaztetxean egingo duten topaketa antolatzeko. Batzar irekia etzi izango da, 11:00etatik aurrera, Lakaxitan bertan. Ondoren, bazkaria izango da partaideentzat.
Otsaileko topaketa Afrikako etorkinei nahiz beraiekin batera elkartasun sareak ehuntzen dituzten herri mugimenduetako kideei zuzenduta dago. Bertan, besteak beste, Afrikako lagunen “ihesaldi masiboa” ulertzen saiatuko dira: euren kontinentetik ihes egitera bultzatzen dituzten arrazoiak ikusi eta neokolonialimosa nahiz kapitalismoa bezalako gaiak landuko dituzte.
Amankomunak sareak gogorarazi duenez, Afrikak ondasun ugari ditu, diamantea, urrea eta gasa bezalakoak, “Afrika txiroa denaren uste zabaldua bezain ustela dela esatera ausartu gintezke”. Europak bere industria, energia iturriak eta armagintza mantentzeko Afrikako baliabideak behar dituela azaldu du, eta eurenganako kontrolak ezartzeko askotan gerrak bultzatzen dituztela. Era berean, Europak “garai bateko esklaboak ordezkatzen dituzten paperik gabekoak” behar dituela gaineratu du.
Horregatik garrantzitsutzat jo du iheslariekin elkartasun sareak ehuntzea, “inperioaren hariak mugitzen dituztenentzako txotxongiloak” diren europarrak “hari horietatik askatzeko”.