Ez etxekoek ez kanpokokoen ez zuten lortu bi goleko errenta baino handiagorik. Berdinketaren gola azken jokaldian lortu zuten hondarribiarrek.
Il Capo Hondarribia eta Gure Auzune taldeek eskubaloiko Euskal Ligako partidarik parekatuena jokatu zuten igandean. Ez bakarrik azken emaitza berdinketa izan zelako (28-28), baita oreka hori partida osoan zehar mantendu zutelako ere. Ez batzuek ez besteek, ez zuten bi goleko errenta baino handiagorik lortzerik izan.
Azken minutura Gure Auzune iritsi zen gol bat aurretik, eta azken jokaldian lortu zuen Hondarribia Eskubaloiak berdinketaren gola, 9 metroko jaurtiketa batekin.
Lehiako desoreka bakarra zazpi metroetan egon zen, etxekoek 3 bota zituztelako —3ak sartu zituzten—, eta bisitariek 9 —7 gauzatuz—. Hondarribiarren artean Mikel Vazquez nabarmendu zen, 8 golekin; Lucas Boleak 5 sartu zituen. Gasteiztarrei dagokionez, Aaron Peñak eta Martin Santanok 8na aldiz zulatu zuten hondarribiarren atea.
Berdinketaren ondoren, sailkapeneko goiko postuei eusten die Il Capo Hondarribia taldeak. Laugarren da 7 punturekin, bigarrenetik puntu batera (
ikusi sailkapena). Urduliz da liderra, bost jardunaldietan beste horrenbeste garaipen lortuta. Hain zuzen ere, Urdulizen jokatuko dute hurrengo partida hondarribiarrek, igandean.
Etxean berdindu arren, sailkapenean ondo kokatuta dago Hondarribia Eskubaloia