Saindua gaztelekua itxi izanak Izuaren Etxea ez antolatzea ekarri du. Baina badira beste aukera batzuk gaur arratsalderako.
Iritsi da Domu Santu egunaren bezpera. Ordu gutxi falta dira Gau Beltzerako eta hondarribiarrak, nahita ala halabeharrez, prest daude urteko iluntze beldurgarrienari aurre egiteko. Batzuk mozorrotuko dira, beste batzuek aurpegia margotuko, eta kalera aterako ez direnek prest dituzte jada goxokiak etxe atarian. Noski, izango da pertsianak goitik behera jaitsi eta atea sarraila bi bueltarekin itxiko duenik ere.
Bustitik etorri zaigu eguna eta iragarpenak egun osorako balio du. Eguraldi txarra egingo du, ez beldurtzeko moduan, baina txarra, euritsua. Normalean, Izuaren Etxerako hori ez da arazo izaten, Sainduan egiten delako, aterpean. Aurten, baina,
Saindua itxita dagoenez, eta itxiera azken ordukoa eta ezustekoa izan denez, ezin izan dute Izuaren Etxea antolatu. Horren ordez, Puntaleko eskolan elkartuko dira gaur arratsaldean —Gazte Xaiak erabiltzen zuen aretoan—, 17:00etatik 20:00etara. Mozorro lehiaketa egingo dute, eta photocalla izango da.
Hori ez da gaurko proposamen bakarra. 18:30ean, Zuloaga Etxean, Ameli eta Xirrikituen Jostunek heriotzari buruzko ipuin kontaketa musikatua egingo dute, 12 urtetik gorako haurrei eta nagusiei begira.
Geltokian kontatutakoak da saioaren goiburua eta
Mary Shelleyren Frankenstein. 200 urte zatiak josten zikloari lotuta dago. Beldurgarria dirudien arren, hain zuzen ere, beldurrari aurre egiten laguntzeko saioa da liburutegiaren proposamena.
Kirol kaian oso bestelako ekitaldia egingo dute gaur arratsaldean. 17:30etik aurrera Hildakoen Eguna gaitzat izango duen kaipotea egingo dute. Ondo pasatzeko askorik ez da beharko, baina mozorrotzen direnek hobeto pasako dutela ziurtatu dute kirol kaiko taberna eta jatetxeek.
Bestela, Gau Beltza, Arimen Gaua, edo Halloween ospatzeko hamaika proposamen txiki daude han eta hemen, auzoz auzo. Batez ere gaurko, baina ez bakarrik. Mendelun, esaterako, bihar egingo dituzte mozorro merienda eta jokoak, 17:00etatik 20:00etara.
Ilustrazioa: Isabel Mancebo Balda