Hartu Hitzak Berme Batzordea aurkeztu du, justizia arloan eskarmentua duten lau lagunek osatuta.
Hurrenez hurren, Jokin Babaze, Miren Olaskoaga, Jaione Hervas eta Santiago Merinok osatuko dute batzordea.
Hartu Hitzak Irunek azaroaren 18ko herri galdeketari begira, Berme Batzordea aurkeztu du. Lau lagunek osatuko dute (bi emakume eta bi gizon), eta justizia arloan eskarmentudunak dira denak. Euren esperientziagatik hautatu dituzte bultzatzaileek. Kalez kale prozesua kontrolatzeaz gain, Jarraipen Batzordeko kideak izendatu eta aholkatuko dituzte.
Batzordeko burua Santiago Merino izango da, idazkaria Jokin Babaze eta bokalak Jaione Hervas eta Miren Olaskoaga. Hartu Hitzaren arabera, haiek ikuskatuko dute prozesua “berme handiagoak” emateko, “hauteskunde prozesuetan dauzkagunak bezain baliagarriak”.
Merino, esaterako, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan Batzorde Nagusiko kide izan da.
Azaroaren 18an sortu litezkeen arazoak konpontzeko euren laguntza izango dutela berretsi du Hartu Hitzak, eta horrez gain, akta guztiak jasoko dituzte, “prozesua kontrolatzeko eta emaitza onartzeko”.