Madrilgo Auditorio Nazionaleko oholtzara igo eta bakarlari gisa aritzeko aukera izango dute.
Issey Martinez Imai
Espainiako Estatu osotik 18 musikari hautatzen dituzte Talentu Gazteak programarako, eta horietatik bi irundarrak izango dira, Issey eta Ekhi Martinez Imai anaiak. Espainiako Kultura Ministerioa eta OSM Madrilgo Orkestra Sinfonikoa eta Madrilgo Teatro Real-ek sustatutako programa da.
Issey Irungo kontserbatorioko ikaslea da, eta 5. mailan dago. Ekhi, berriz, modu ez ohikoan, Musikenen ari da ikasten. Dagoeneko hainbat sari irabaziak dira bi gazteak, eta joan den uztailean, Frantzian, Marie Cantagrill nazioarteko biolin lehiaketan lehen saria lortu zuten bakoitzak bere mailan.
Programa horri esker, Madrilgo Auditorio Nazionaleko oholtzara igotzeko aukera izango dute hiru alditan. Horrez gain, bakarlari moduan aritu ahal izango dute. Hainbat artista eta pedagogorekin lanean aritu, orientatu eta ikasteko aukera izango dute.