Eguraldiak migranteen baldintzak okertu dituela salatu du Harrera Sareak, eta batik bat emakume eta haurren egoeraz ohartarazi du.
Hamar egun pasatu dira erakunde mahaia Martindozenea aterpetxea egunez ere irekitzeko prest azaldu zenetik, baina Harrera Sareak salatu duenez, oraindik ez du betetako konpromisoa bete, eta migranteen baldintzak okertu egin dira, euria eta hotza dela eta. “Erakundeen utzikeriak” migranteen zaurgarritasun egoera, bereziki emakume eta umeena, areagotu duela salatu du, eta egoera “sostengaezina” bihurtu dela.
Egunotan bidean diren migranteen etorrerek gora egin dutela jakinarazi du Harrera Sareak. San Juan plazako harrera gunean 40 lagun daude, horien artean, bost emakume eta adin txikiko.
Batik bat azken horien egoeraz ohartarazi du, arreta bereziak behar dituztelako. Ezinbestekotzat jo du emakume horiei berariazko erantzuna ematea: “Bidaiatzeko bisa ez dietenez ematen, emakumeak eta adin txikikoak bidaian zehar biolentziazko egoerak bizitzera arriskatzen dira”. Horiek ekidin litezkeela uste du, bitartekoen kudeaketa malgutuz gero eta berariazko harreta protokolo bat aplikatuz gero.
“Onartezina da pertsonek egun osoa kalean ematea, 08:00etatik 20:00etara, nahiz eta bitarteko nahikoak dauden hori ekiditeko”, gaineratu du.