Ohorezko Mailako taldeak denboraldiko lehen garaipena lortu zuen larunbatean, ezohiko ordutegian jokatutako partidan.
Gol aukera asko sortu ez zituen arren, partida serioa jokatu zuen taldeak
Hondarribia Futbol Elkarteko mutilen taldeak denboraldiko lehen garaipena lortu zuen larunbatean Hondartza zelaian, Ohorezko Mailako zortzigarren jardunaldiari zegokion partidan. 2-0 irabazi zioten hondarribiarren Bergarari, eta sailkapenean jauzi handia eman dute, azken-aurrekoarekin berdinduz eta 14. postutik 3 puntura jarriz (
ikusi sailkapena).
Bergarak eskatuta, goizez jokatu zuten —normalean bazkalostean jokatzen ditu Hondarribiak etxeko partidak—. Harmailetan ohi baino jende gutxiago zegoen arren, nonbait, zortea eman zien ordutegiak jokalariei, eta denboraldian lehen aldiz besoak altxatu zituzten epaileak amaiera seinalatu zuenean. Imanolek (58. minutuan) eta Xabik (66.ean) egin zituzten etxekoen bi golak.
Hurrengo partida Zarautzen jokatuko dute berdeek, Astiko belar artifizialeko zelaian. Ostegun honetan izango da, azaroaren 1ean, arratsaldeko lauretan.