EH Bilduren mozioa atzera bota, eta EAJk eta PSE-EEk adostutakoa onartu zuten atzo osoko bilkuran, Alardea sentitzeko moduak errespetatzeko eskatzen duena.
Herritar asko hurbildu ziren plenora, Hondarribiko Emakumeen deialdiari erantzunez
Alardea izan zen protagonista Hondarribiko udaletxeko areto nagusian atzo arratsean. Orotara, irailaren 8ko gertakariei buruzko lau mozio bozkatu ziren, EH Bilduk “talde antolatu batek egindako zarata erasoa” gaitzesteko eskaria aurkeztu eta gero (
irakurri EH Bilduren mozioari buruzko albistea). EAJk eta PSE-EEk elkarrekin bat, eta Abotsanitzek eta PPk beste bana aurkeztu zituzten, koalizioarenaren ondotik.
EH Bilduren mozioak “irailaren 8an talde antolatu batek egindako zarata erasoaren gaitzespena” egitea eskatzen zion udalari, eta koalizioko bi ordezkarien aldeko bozka baino ez zituen lortu; Abotsanitz abstenitu egin zen, eta EAJk, PSE-EEk eta PPk kontra bozkatu zuten.
Jeltzaleek eta sozialistek aurkezturikoa, aldiz, aurrera atera zen, euren aldeko botoekin, EH Bilduren eta PPren kontrakoekin, eta Abotsanitzen abstentzioarekin. Onarturiko mozioak, Alardea “ondasun higiezin” den heinean babestu egiten du: “Udalak bere aldekotasuna adierazi nahi dio Hondarribiko Alardeari gure hiriaren kultur ondasun inmaterialaren adierazpen nabarmenena delako, eta urtez urte desfilatu eta alardea bizitzen duten hondarribiarrek emana dioten gizarte zilegitasuna baduelako. Hori dela eta, ahalik eta errespeturik handiena eskatzen dugu herri borondatearen adierazpen honentzat”.
Nolanahi ere, irailaren 8ko festa “sentitzeko moduak” errespetatzeko eskatzen du onarturiko testuak: “Bizikidetza hobetzea helburutzat hartuz, errespetuz hartu behar direla Alardea sentitzeko moduak. Udala prest dago hiritarren arteko bizikidetza hobetzeko ekimenetan lankidetzan segitzeko”.
Abotsanitzek eta PP-k beste mozio bana aurkeztu zituzten gai berari lotua. Ez bata ez bestea ez ziren onartuak izan. Abotsanitzenak Alarde Eguneko gertakariak “oso larritzat” jotzen zituen, eta horiek arbuiatzeko eskatzen zion udalari. Festa bizitzeko modu ugari daudela, eta guztiak “zilegi eta errespetagarriak” direla aintzat hartuta, “ikuspegi desberdinen” artean zubiak eraikitzeko galdegiten zuen Abotsanitzen mozioak, eta Jaizkibeli ere harrera egiteko.
Alderdi popularrak aurkeztutakoak, aldiz, 2008an Espainiako Auzitegi Gorenak diskriminazioa ukatuz emandako epaia aipatzen zuen, eta Jaizkibel diruz laguntzen dute erakundeei “prebarikatzea” egotzi.
Aretoa gainezka
EH Bilduk aurkeztutako mozioari erantzunez eta Hondarribiko Emakumeak taldeak deituta, dozenaka herritar hurbildu ziren pleno aretora, betetzeraino. Haietako batek ohar bat irakurri zuen, zeinaren bidez udalari eskatzen zion irailaren 8an gertatutako eraso guztiak arbuiatzeko: “Irailaren 8an gertatutako eraso guztiak, bai Alardearen publikoak pairatutakoak, bai komunikazio arloko profesionalek salatutakoak gaitzetsi ditzala, eta eraso gehiago gertatu balira salatzera anima ditzala eta den-denak gaitzetsi”.
Bestetik, erakundeen arteko mahaian lan egiteko eskatu zion udalari, “Alardea ospatzeko dauden bi moduei errespetua bermatzeko, eta bi ekintzak aldentzearen alde esku hartu dezala, egungo tentsioa saihesteko, eta elkarbizitzaren mesedetan”.