Celestino Tolosa langilearen heriotza biriketako asbestosiak eragindakoa dela dio EAEko Justizia Epaitegiaren epaiak.
Joan den martxoan amiantoak kaltetutako beste langile baten alde egindako elkarretaratzea.
EAEko Justizia Epaitegiaren epai batek ondorioztatu du Irungo CAFen lan egiten zuen Celestino Tolosa, 2008ko maiatzean hila, gaixotasun profesional baten eraginez zendu zela, eta, ez, hasieran uste bezala, EPOC edo biriketako gaixotasun buxakor kronikoaren ondorioz.
Gaixotasun profesional hori biriketako asbentosia dela frogatuta geratu dela adierazi du epaiak. Asbestosia
asbesto edo amiantoarekin lan egin eta gero garatzen den gaixotasuna da.
Ondorioz, Gizarte Segurantza gaixotasun profesional horri dagokion Alarguntze, Heriotza eta biziraupenerako laguntza guztiak ordaintzera kondenatu du.
Aurrekariak
Tolosak 1973tik 1999ra egin zuen lan CAFen, lehendabizi Irunen, eta, ondoren Beasainen. Lantegian amiantoarekin aurrez aurre lan egin zuen. Gaixotasun Arruntagatik Erabateko Lan Ezintasuna eman zioten, arnas-ezintasun kroniko, oxigenoterapia eta disnea zituelako. 2006an, Valdecillako Ospitalean bi birikak transplantatu zizkioten, eta handik bi urtera hil zen arnas infekzioagatik.
2017an familiak Valdecillako Ospitaleko Neumologia arloari txosten bat egiteko eskatu zion, eta azterketa zehatz batean amianto edo asbesto arrastoak zituela frogatu zuen, biriketako asbestosia diagnostikatuz.
Epai horrek Donostiako 2. Epaitegiarena azpian uzten du. Familiak alargun pentsioaren berrazterketa egiteko eskatzen zion Gizarte Segurantzari, baina honek ez zuen onartu. Ondoren, Donostiako 2. Epaitegiak Mutualia eta CAFen babesarekin ere bide beretik jo zuten. EAEko Justizia Epaitegiaren arreta piztu du Donostiako 2. Epaitegiaren epaian Valdecillako Ospitalearen txostena ez aipatzea. EAEko Justizia Epaitegiaren arabera, asbestosia biriketako transplantearen aurretik ere bazuen.
Asviamie EAEko Amiantoaren Biktimen Elkartea pozik agertu da epai horrekin. Osasun zerbitzuak tabakoarekin tematuta egon direla iritzita, lanean arnastutako sustantzien kaltegarritasuna ez dutela ikusi adierazi du elkarteak. Zentzu horretan, familiei deia egin die bipsia edo autopsia eskatzeko.
CAFek aurrera begira etor litezkeen salaketei begira, kalte ordainak eta segurtasun neurriak hartu ez izana pagatu beharko duela adierazi du.