Munduan zabaltzen ari den deialdiarekin bat egin dute Hondarribian. Azaroaren 25ari begira bufanda zatiak josteko eskatu diete hondarribiarrei.
Igandean Pasai San Pedroko ‘Mater’ ontzian egindako matazak. Hondarribian ere zabaldu dute deialdia
Azaroaren 25ari begira, ekimen deigarria abiatu nahi dute Hondarribian, munduko hainbat herrialdeetan zabaldu den Mataza Solidarioak ekintzarekin bat eginez. Hala, herritarrei matazak, bufanda zatiak josteko eskatu diete animatzen diren hondarribiarrei, azaroaren 24n San Pedro kalean zati guztiak elkartzeko. “Animatuz gero, zuk edo kuadrillan bufanda bat eginez har dezakezu parte”, hasi dira sare sozialetan zabaltzen.
Matazek 22 zentimetroko zabalera eduki behar dute, eta nahi den luzera. Materiala norberak erabaki dezake, tela edo artilea erabili, kolore hau edo bestea, “eta indarkeria matxistari kontrako apaindurak jarri diezaiekete”, hala nahi izanez gero.
Hori bai, bi muturretan soka edo hari solte batzuk utzi behar zaizkio bufandari, beste matazekin elkartu eta xingola erraldoia osatzeko. Azaroaren 24an elkartuko dituzte bufanda puska guztiak, goizeko hamaiketan San Pedro kalean egingo den ekitaldiaren barruan (euria eginez gero, Gipuzkoa plazan).