Azaroaren 10ean herri omenaldia egingo zaie 2018ko Kontxako estropadako irabazleei. Bazkarirako sarrerak salgai daude dagoeneko.
Kontxako estropada irabazi eta ia bi hilabete pasa direnean, Hondarribia Arraun Elkarteak oraindik ez du bandera gordetzeko aukerarik eduki. Egun horretan egin zitzaien harreraz gain, handik hona ibili dira arraunlariak, erakunde eta elkarte desberdinek antolaturiko ekitaldietan parte hartzeko: Gipuzkoako Foru Aldundian, Hondarribia Futbol Elkartearen partida batean, Real Unionen beste batean, eskubaloiko Bidasoarenean… Eta orain, bigarrenez, zaleen omenaldi beroa jasoko dute Hondarribiko arraunlariek.
Azaroaren 10ean herri omenaldia egingo zaie 2018ko Kontxako irabazleei. Egun osoko festa izango da, Guadalupeko santutegian hasiko dena; Guadalupeko Amari eskainiko zaio Ama Guadalupekoak irabazitako trapu preziatua. Ondoren, Portura mugituko dute bandera, eta Azeri parean jarriko dute, nahi dutenek argazkia egin dezaten. Hondarribia Arraun Elkarteak salda eskainiko die bertara hurbiltzen diren zaleei.
Festako ekitaldi nagusia herri bazkaria izango da, Jostaldi pilotalekuan egingo dena. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Kontxako irabazleek bazkalduko dute bertan, eta beraiekin batera, nahi duten herritar guztiek. Sarrerak dagoeneko salgai daude honako lekuetan: Mapfre Aseguruak, Kai Alde Gozotegia eta Arraun elkartearen egoitza. Helduentzako prezioa 25 eurokoa da, 18 urtetik beherakoena, 15 euro.
Bazkalostean egingo diete omenaldia arraunlariei, eta Kanu DJarekin bukatuko da festa.
Marea berdea Kale Nagusian, Kontxa irabazi ondorengo harreran