Angula Berria webgunera bidalitako ohar batean, Ikasle Abertzaleak-ek adierazi du "azken aldiz" erabili duela Hazia kultur elkartea, eta gertaera hori "maila nazionalean ezker abertzaleak gauzatutako hausturaren emaitzetako bat" dela.
Hazia elkartearen irudi bat Hazia Libre leloarekin, herriko tabernen auziaren testuinguruan.
Angula Berria webgunera bidalitako ohar batean, Ikasle Abertzaleak-ek adierazi du “azken aldiz” erabili duela Hazia kultur elkartea, eta gertaera hori “maila nazionalean ezker abertzaleak gauzatutako hausturaren emaitzetako bat” dela.
Azken hilabeteetan ikasle mugimenduko kideek euren jarduera garatzeko “trabak” izan dituztela esan du, eta “gatazka ideologikoa gainditzen duten eraso pertsonalak” jasan dituztela.
Ezker abertzalearekin egindako bileran, IAren iraganeko helburuak alde batera uzteaz gain, haien aurka jardutea egotzi zietela azaldu du IAk. Zentzu horretan, betiko ildoa mantendu duela eta ez duela “ezker abertzalearen aurkako erasorik, ekintzarik edo adierazpenik egin” zehaztu du. Haatik, “batasun erreal bat lortzeko elkarlanerako prest” daudela berretsi du.
Ildo horretatik, Bidasoko ezker abertzalearen oinarria horretaz guztiaz kontziente den galdetu du.
“Argi utzi nahi dugu gu ez garela inolaz ere kikilduko; gure helburuak diren independentzia, sozialismoa eta feminismoaren alde borrokatzen jarraituko dugu hezkuntzaren eremuan”, ondorioztatu du. “Siglen kontua alde batera utzita” borrokatzeko grina duen ikasle orori eurekin bat egiteko deia luzatu diote.