Olanoren arabera, "saihesbide tratamendua" emango zaio Katea eta Behobia arteko AP-8 autobideko tarteari, eta %50-80 arteko deskontuak egingo dituzte.
Aintzane Oiarbide eta Markel Olanok Oinaurreko lotura erdiaren lanak bisitatu dituzte.
Gaur goizean AP-8 autobideko lotune erdiaren prestaketa lanak bisitatzen izan dira Markel Olano ahaldun nagusia eta Aintzane Oiarbide Bide Azpiegiturako diputatua, Oinaurren. Bertan, Olanok iragarri du hegoaldeko ingurabideko lanak egin bitartean “saihesbide tratamendua” emango zaiola Katea eta Behobia arteko AP-8 autobideko tarteari, eta hori dela eta, %50-80ko beherapenak aplikatuko dituztela.
“Irun ingurua auto-ilaren arazoak jasaten ari da, muga aldean kokatuta egoteagatik, hiriak berak dituen arazoekin batera. Hegoaldeko ingurabidea bukatzen ez den bitartean, auto-ilaren arazo horiek, gehiago edo gutxiago, jarraitu egingo dute”, adierazi du Olanok.
Bidegik kudeatuko ditu beherapen horiek, eta erabiltzaileek Abiatu txartelaren bitartez lortu ahal izango dituzte.
Beherapenak lehen bidaiatik aurrera egingo dituzte. “Katea eta Behobia arteko lehen joan-etorritik aurrera, % 50eko beherapena egingo dute, eta 20 joan-etorritik aurrera, berriz, % 80ko beherapena”, jakinarazi du Olanok. Modu horretara, Irungo joan-etorri guztiak bateratu eta etxebizitzen kokalekuagatik egon daitezkeen desberdintasunak saihestu nahi dituzte.
Oiarbideren arabera, lan horiekin lotuta auzo elkarteekin harremanetan egon dira, udalean bidesarien harira aurkeztutako mozio bat dela eta. “Elkarte horiekin zuzenean egindako lana oso aproposa izan da Irungo bidesarien irizpide berria ezartzeko, eta haiekin lan egiten jarraituko dugu, haien kezkei eta eskaerei erantzuteko”, adierazi du Oiarbidek.
Lotune erdiaren lanak
Oinaurreko lanei dagokienez, abendurako esleituta izatea espero du aldundiak, eta hamabi hilabeteko iraupena izango lukete, abendua-urtarrila inguruan hasita. Lotune erdia eta hegoaldeko saihesbidearen lanetara, guztira, 14 milioi euro bideratuko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. Olanoren arabera, aldundiak “auzotarrei emandako hitza” bete du, eta, orain, udalak hegoaldeko saihesbideko lanak “lehenbailehen” hastea espero du.