Egun, Martindozenean bidean diren migranteek gaua pasatu dezakete, gosaria, bazkaria eta afariaz gain, baina egunez ezin dute bertan atseden hartu edo beste zerbitzurik erabili.
Martindozenea
Joan den ostiralean bilera eduki zuen Migranteen Harrerarako Erakundeen Arteko Mahaiak, eta Martindozenea egunez ere irekitzeko prest agertu zen. Pauso hori emango balitz, litekeena da Martindozenea 24 orduz irekita egotea.
Egun, Martindozenean bidean diren migranteek gaua pasatu dezakete, gosaria, bazkaria eta afariaz gain, baina egunez ezin dute bertan atseden hartu edo beste zerbitzurik erabili.
Harrera Sarearen eskaera da migranteek erabili ahal izateko eguneko zentro bat irekitzearena. Gainera, migranteek 22:00ak baino lehen sartu behar dute aterpetxera, bestela, kanpoan gelditzen baitira.
Irungo Udalak Ospitale Zaharra moldatu du migranteek gaua pasatzeko, baina hainbat muga ditu; esaterako, emakumeek ezin dute bertan gaua pasatu, gela bakarra dagoelako erabiltzaile guztientzat.
Datorren ostiralean bilduko da berriro erakundeen mahaia, eta gaiaren gaineko xehetasunak zehazteko.
Muga gehiago Bidasoaz beste
Frantziako Gobernuak Irundik Frantziako Estatura sartu nahi duten migranteenganako kontrol neurriak zorroztuko dituela iragarri du. Horretarako, goi kargu bat izendatuko du “mugan segurtasuna koordinatu, kontrolak hobeto antolatu eta Espainiako agintariekin elkarrizketak indartzeko”.
Neurri horiek hartzeko arrazoi gisa eman du “urtebetean Pirinio Atlantikoetako Espainia eta Frantziako mugan ez-onartuen kopurua %60 haztea”.