Boto kutxak izango dira protagonista Hartu Hitzak larunbatean Irunen egingo duen manifestazio sinbolikoan.
Urriaren 27ko manifestazioa aurkeztu du Hartu Hitza dinamikak Irungo Txanaleta plazan.
Boto kutxak sinbolismoa handia hartzen ari diren honetan, larunbatean Hartu Hitza plataformak Irunen egingo duen manifestazioan ere eurak izango dira protagonista. Hain zuzen, azaroaren 18ko herri kontsultari azken bultzada emateko zita garrantzitsua izango da larunbat honetako manifestazioa. Eta horregatik, Irungo kaleak bete nahi ditu Hartu Hitzak.
Gaur eman dituzte larunbateko ekitaldiaren xehetasunak Xabi Martinez de Antoñana eta Elena Berazadi egitasmoko kideek. Hain zuzen, gaur prentsaurrekoa eskaini duen tokia izango da manifestazioko puntu eta topagune nagusienetako bat: Txanaleta plaza. Auzoetatik irtengo diren zutabeak han elkartuko dira, eta auzo bakoitzak bere boto kutxa entregatuko du.
Hiru zutabe izango dira aterako direnak. Lehenengoa, Elitxuko biribilgunean bilduko da, eta hara joateko deia egin diete Belaskoenea, Katea, Elitxu-Lapitze eta Larreaundiko auzotarrei. Bigarrena, berriz, Junkal Elizako plazatxotik irtengo da, eta han bilduko dira Alde Zaharra, Arbes, Artia eta Behobiako bizilagunak. Azkeneko zutabea, berriz, Gernikako Arbolatik irtengo da, eta Dunboa, erdigunea eta Santiago-Beraun auzoetako bizilagunak jasoko ditu. 17:30ean jarri dute ordua auzo guztietan.
Gipuzkoa Hiribidea, Nafarroa Hiribidea eta Iparralde hiribidea igaroko dituzte zutabe guztiek, eta, ondoren, Luis Marianon elkartuko dira denak. Handik joko dute Txanaleta plazara.
Antolatzaileek herritar guztiak animatu dituzte ekitaldian parte hartzera, “ekitaldi masiboa” izango delakoan. “Udatik aurrera auzo dinamika martxan jarri genuen, hamalau auzoetan hauteslekuak jarri nahi genituelako. Auzoz auzo sortu diren mugimenduei esker ilusioz gabiltza, jende berria sartu baita lan taldeetan ere. Klik eguneko ekitaldia baino masiboagoa izatea espero dugu, eta urte hasieran hasi zen olatua honaino iristea”, azaldu du Martinez de Antoñanak.
Era berean, Gure Esku Dagoren elastikoa eta zapia eramateko eskatu dute antolatzaileek.
Dagoeneko herri dinamikak 3.800dik gora sinadura bildu ditu azaroaren 18ko herri kontsulta babesteko.